NAIZ
BILBO

Abenduaren 9ko zitarekin bat egitera deitu dute gizarte zibiletik

Foro Sozial Iraunkorrak bultzatuta, gizarte zibileko hainbat erakundetako ordezkariak eta ibilbide eta sentikortasun anitzetako hiritarrek bat egin dute datorren abenduaren 9rako Bakearen Artisauek deituta Parisen egingo den manifestazioari babesa adierazteko.

Abenduaren 9ko zitari babesa adierazteko agerraldi jendentsua egin dute Plaza Berrian, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Abenduaren 9ko zitari babesa adierazteko agerraldi jendentsua egin dute Plaza Berrian, Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Plaza Berrian egindako agerraldi jendetsu batekin, gizarte zibilaren babesa agertu diote ‘Orain, presoak’ lemapean Parisen egingo den manifestazioari.

Bertan izan diren erakundeetako ordezkarien eta ibilbide oso anitzetako norbanakoen izenean, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek eta Ines Osinaga abeslari eta musikariak hartu dute hitza. Aietetik sei urte eta armagabetzea gauzatu zenetik zortzi hilabete igaro direnean, «konpondu gabe jarraitzen duen euskal presoen egoerari behingoz heldu» behar zaiola nabarmendu dute eta hortik dator, hain zuzen, abenduaren 9ko hitzorduaren leloa: «Orain, presoak».

Azpimarratu dute zita hori ez dela «manifestazio bat gehiago»: «Beste ekimenekin lotutako ekimen bat da, Frantziako estatuko espetxe politika aldarazi dezakeena».

«Bigarren Luhusoa da, baina oraingoan preso diren pertsonen alde», esan dute, 2016ko abenduan Lapurdiko herri horretan gertatutakoak izan zituen ondorioak gogora ekarriz. «Orduan bezala, gure gizartearen bultzada eta babesaren beharrean da. Eta egon gaitezen ziur, Parisen hartzen joango diren erabakiek, eta manifestaldiak berak, beren ondorioa izango dute Madrilen. Gure ‘orain’ horren oihartzunak Parisen eta Madrilen entzun behar dira». 

Manifestazioaren deialdiak Ipar Euskal Herriko gizartearen «espektro zabal baten sostengua» bildu duela adierazi ondoren, azaldu dute horixe dela gaurko agerraldiarekin nahi dutena. Eragile politiko, sindikal eta sozialei zein herritar orori zuzendu zaizkie, auzo, herri, lantoki eta bestelako eremuetan manifestazio horren bozgorailu gisa joka dezaten eta, «gero eta ahots gehiago gehituz, Bakearen Artisauen ekimenari sostengua emango dion mezu hau transmiti dezaten». 

«Frantziako Estatuan euskal presorik gabeko behin betiko bakerantz urrats erabakigarria emateko helburuarekin», Parisen abenduaren 9an ospatuko den manifestazioan esku-hartzera animatuz bukatu dute agerraldia. «Horrek, zalantzarik gabe, lagunduko baitu akordioetan ematen, hemen, Euskadiko Komunitate Autonomoan eta Nafarroan».