NAIZ

‘Bizi’ lelopean antolatuko du Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak 2018ko Nafarroa Oinez

«Indar handi, alaia, irekia eta positiboa» den ‘Bizi’ leloa aukeratu du Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak 2018an antolatuko duen Nafarroa Oinez jairako. Logoa, aldiz, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia irudikatzen dituzen lau petalok osatutako lorea da.

2018an Altsasuko Iñigo Aritzak antolatuko duen Nafarroa Oinezek logoa eta leloa aurkeztu ditu. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
2018an Altsasuko Iñigo Aritzak antolatuko duen Nafarroa Oinezek logoa eta leloa aurkeztu ditu. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Jakina zen moduan, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak antolatuko du 2018ko Nafarroa Oinez jaia. Gaur, ordea, leloa eta irudia eman dituzte ezagutzera. ‘Bizi’ lelopean hartuko du jaia ikastolak. «Indar handi, alaia, irekia eta positiboa» den leloa aukeratu dute. «Bizi hitza gutako bakoitzak sentimendu, bizipen edo ideia batekin lotzen du». Honekin «jende asko» identifikatuta sentitzea bilatu dute.

Logoan, aldiz, lorea da elemntu zentrala. Baina honekin batera, leloarekin lotura zuzena duen bihotza dauka. Bat nabarmenduta, baina bihotz formako lau petalo orotora. Honen bitartez Iñigo Aritza ikastola osatzen duten lau herriak irudikatu nahi izan dituzte: Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia. Lau petaloak zirkulu batetan egiten dute bat. «Gure ikastola elkarlanean dagoen komunitate gisa irudikatzen dugu, ikasle, guraso, irakasle eta gainontzeko langileek osatuta».

Lau herri hauetako 369 ikaslek osatzen dute Iñigo Aritza ikastola. «Helburua euskara eta euskal kulturaren aldeko etengabeko proiektua bultzatzea da, herritik sortua eta herriarentzat», azaldu dute gaur egindako agerraldian.

1981an, Etxarriko Andra Mari ikastolarekin batera, lehen Nafarroa Oineza antolatu zuen ikastolak. 36 urte hauetan beste bitan ere Altsasun izan da Nafarroako ikastolen aldeko jaia. 2018ko urrikoa laugarrena izanen da.