NAIZ

Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalari donostiarrak jasoko du 2017ko Abbadia Saria

«Euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko bidean, euskara batua tresna zorrotza bilakatu dadin Ibon Sarasolak egindako lana eta ekarpena» nabarmendu ditu epaimahaiak 2017ko Abbadia Saria emateko orduan.

Ibon Sarasolak jasoko du 2017ko Abbadia Saria. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Ibon Sarasolak jasoko du 2017ko Abbadia Saria. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Abbadia sariko epaimahaiak aho batez proposatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari 2017ko Abbadia saria ematea Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariari. Epaimahaiak nabarmendu du filologo donostiarrak euskarari eta «bereziki euskara batuari» egindako ekarpena, euskal hizkuntza esparru berrietara zabaltzeko garaian.

Foru Aldundiak epaimahaiaren proposamena ontzat eman ondoren, ohitura denez Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du Sarasolak Abbadia saria. Ekitaldia, hain zuzen ere, abenduaren 1ko 19:00etan egingo da foru jauregian.

Foru Aldundiaren izenean, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek Ibon Sarasola zoriondu du eta «ondo merezitako aitortza» jasoko duela gaineratu du. «Sarasola euskara batuaren sorrera bultzatu zuen taldearen oinordeko da. Oso nabarmena da euskarari egin dion ekarpena, bereziki hiztegigintza eta lexikografiaren ikuspegitik, baina baita beste hainbat esparrutan ere», azaldu du Irizarrek.

Ibon Sarasola EHUko letren fakultatean Euskal Filologiako katedraduna da eta euskaltzain osoa 1988tik aurrera. Hiztegigintzan eta lexikografian aritu da bereziki, 1976an euskal hiztegi arauemailerako txostena aurkeztu zuenetik. Koldo Mitxelena euskaltzaina hil geroztik, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) (1987-2005) eta ondorengo Euskaltzaindiaren Hiztegia (2012) egitasmoen zuzendari izan da. Hainbat lan argitaratu ditu lexikografiaz, dialektologiaz eta euskal literaturaren historiaz, baita saiakerak, poesia eta narrazioak ere. 1997an argitaratu zuen Euskara batuaren ajeak saiakerak oihartzun handia izan zuen. 1988-2000 bitartean Eusko Jaurlaritzak lagundu eta Euskal Editoreen Elkarteak argitaratutako Klasikoak bildumaren koordinatzaile izan zen, Patxi Altuna, Joseba Lakarra eta Blanca Urgellekin batera.

Urtero bezala artista gazte bat izango da Abbadia sariari lotutako oroigarriaren egilea. Oraingoan Xare Alvarez artista donostiarra izan da aukeratua.