NAIZ
IRUÑEA

«Abiapuntu gisa» ulertutako autogobernua aldarrikatu du EH Bilduk Nafarroaren Egunari begira

Igandean, abenduak 3, ospatzen den Nafarroaren Egunaren harira egindako adierazpenean, autogobernuaren aldeko mezua igorri du EH Bilduk, «geure burujabetza berreskuratzeko bidean urratsak egin ditzagun». Egungo autogobernu markoa «erabat murrizturik» eta «arriskuan» dagoela ohartarazteaz gain, koalizioak azpimarratu du autogobernuaren defentsa «abiapuntu gisa» ulertzen duela eta, ildo horretan, elkarlanerako eta dinamika bateratuen aldeko apustua berretsi du.

EH Bilduko ordezkariak, Nafarroaren Egunaren harira mezua irakurtzen. (@EHbilduNafarroa)
EH Bilduko ordezkariak, Nafarroaren Egunaren harira mezua irakurtzen. (@EHbilduNafarroa)

Adolfo Araizek eta Eva Arangurenek irakurri dute, gazteleraz eta euskaraz, Nafarroako Egunaren harira EH Bilduk nafar jendarteari eta eragile politiko, sozial zein sindikalei helarazi nahi izan dien mezua, autogobernuaren aldeko mezua, «geure burujabetza berreskuratzeko bidea urratsak egin ditzagun».

Iruñeko alkatea, Joseba Asiron; Tafallakoa, Arturo Goldaracena; Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz parlamentariak ere egon dira, besteak beste, agerraldian.

Koalizio abertzalearen iritziz, egungo autogobernua «Nafarroaren burujabetza oinarri duen foralitatearen aztarna gisa ulertuta erabat murrizturik dugu LORAFNA edo Foru Hobetzearen lege-markoan. Nafar jendarteak sekula berretsi ez zuen lege markoa». «Inposatu zitzaigun» marko hori bera ere «arriskuan» dagom Estatu espainiarraren «inboluzio antidemokratiko eta bizentralizatzailearen ondorioz».

Hori dela-eta, EH Bilduk argi adierazi du autogobernua «abiapuntu gisa» ulertzen duela eta bere proiektua ez dela mugatzen  «orain arte nekez mantendutakoari». Zentzu horretan, «irmotasunez eta konplexurik gabe» aldarrikat dute Nafarroaren eta Estatu espainiarraren arteko «harreman eredu berri baten beharra», «berdintasunean» oinarritutakoa eta «inolako mendekotasunik gabea».

«Nafarroa burujabea nahi dugu, nafar jendarteak erabakiko duen formulazio eta enkaje juridiko-politikoa izanen duena», azaldu dute.

«Halaber –gaineratu dute– berdintasunean oinarrritutako harremanaz eta burujabetzaz ari garenean, gainontzeko euskal lurraldeez ere ari gara. Izan ere, Euskal Herriko Errepublika Konfederatua dugu jomuga. Bertan, Nafarroa burujabetza osoa izanen duen Errepublika izanen litzateke, askatasunez eta hala erabakiko lukeelako konfederatuko litzatekeen estatua». «Horregatik argi diogu ez dugula inongo anexio edo integraziorik babesten inolako erkidego edo estaturekin», argitu dute.

Koalizioaren ustetan, «garai nahasiak» dira honakoak eta «oldarraldi zentralizatzailearen» aurrean, ezinbestekoa da «indarrak biltzea». «Erabaki nahi dugu, eta modu burujabean egin nahi dugu, ongizate sozialari eusteko eta benetako justizia sozialarekin amets egiteko bide zail eta malkartsuan aurrera egiteko berme bakarra baita». Zerbitzu publikoen defentsa edota eredu ekonomiko eta lan eredua ere aipatu dituzte ildo honetan. 

Hori dela-eta, koalizioak berretsi du «demokraziaren eta jendeartearen erabakitzeko eskubidearekiko konpromisoa dela» Nafarroaren Egunean jendarteari EH Bilduk egin diezaiokeen eskaintzarik «garrantzitsuena».

Bide horretan, demokrazia, autogobernua eta Nafarroari dagozkion gai guztien inguruan erabakitzeko eskubidea defendatzeko konpromisoa adierazi du koalizioak. «Nafar jendarteari dei egiten diogu guztion eginkizun horretan parte har dezan», elkarlanaren beharra azpimarratuz.