NAIZ

Euskararen eguna herriz herri saretuz

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan gure hizkuntzaren aldeko ekintzak biderkatu egiten dira non-nahi. Albistetxo honetan gure lurraldean zehar dauden ekimenak jaso nahi izan ditugu. Ez daude denak noski, baina daudenak badira.

Igandean, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatuko da. Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean proposatu zuen egutegiko data hau, Frantzisko Xabierkoaren eguna hain zuzen, euskararen nazioarteko egun gisara. Frantzisko nafar misiolaria 1552ko abenduaren 3an hil zen, eta, kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama-hizkuntzan izan ziren, euskaraz.

1995. urtean Lakuak eta Euskaltzaindiak bat eginik, Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.

Urtetik urtera indarra hartzen ari den eguna da Euskararen aldekoa eta abenduaren hasierarekin batera hamaika ekimen egiten dira gurean euskararen hazia ureztatzeko bokazioz.

Albistetxo honetan sarean barrena aurkitu ditugun ekimenak jaso nahi izan ditugu. Ez daude denak, baina daudenak badira.

Asteburuan Lizarraldean Euskararen Maratoia egin zuten. Euskal Herrian zabaldu diren Ahobizi eta Belarriprest rolei, Lizarran Bihotzgoxoak gehitu zaizkie. Egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan zuten Lizarraldeko euskaltzaleak. Ahotsak bideoa egin du ekimenarekin.

Oiartzunen, aldiz, Udalak eta Ttur-ttur euskaltzaleen bilguneak hainbat euskaltzalerekin elkarlanean, "konpromisotik ad/ritzera" egitasmoa martxan jarri dute.

Eskoletan ere oso presente dago euskararen aldeko eguna. Urduñako Herri Ikastetxeko ikasle eta langileek adibidez, Lip Dub-a grabatu dute okasiorako. Ahobizi eta Belarriprest izan dituzte bidelagun.

Indautxuko eskolako ikasleek ere euskararen alde egin dute gelan, Igor Anton txirrindularia onodan zutela gainera.

Eibarko Armeria eskolan Euskararen eta San Andres egunaren arteko fusioa egin eta zuzeneko musika izan zuten eskolan. Tartean, Su Ta Gar izan zen oholtza gainean.

Axular Lizeoan 400 familiak bat egin dute Euskararen aldeko ekimenarekin.

Euskal Herritik urrun, diasporan diren euskaldunak ere gogoan dute Euskararen eguna. Boisen, adibidez, gure hizkuntza ikasten ari diren ikasleek bideoa grabatu eta zabaldu dute.

Sare sozialak euskaraz betetzeko deialdiak ere badira.

Eta deialdiari jarraiki euskararen aldeko GIFF-ak ere sareratu dira.

Aurten herri dezentetan egin dira hizkuntza ohiturak aldatzeko saioak. Astigarraga, Agurain eta Arrigorriaga daude zerrendan eta laster batuko zaizkie egunotan ekimen betean diren Donostiako Intxaurrondo auzoa, Oiartzun, Deustu, Aiaraldea, Lizarra edota Baiona-Angelu-Miarritze.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena instituzioei ere gustatu zaie eta datorren urte amaieran euskaltzaleak aktibatzeko asmoa duen Euskaraldia ekimena aurkeztu dute. Ekimena 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da, «11 egun euskaraz» lelopean, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, baita era guztietako entitateak euskarazko hizkuntza praktikak babesteko neurriak hartzera bultzatzea ere.