Ion TELLERIA

«Orain badakigu zertarako gai diren, egurra da eskaintza»

Bartzelonako l’Estel eskolan U1ean boluntario lanetan aritu zirenek ordukoaren bigarren itzuli gisa bizi dute gaurkoa. Harritu ditu errepresio mozkorraldiak, ez zuten espero; «orain badakigu zertarako gai diren, baina egurra besterik ez dute eskaintzeko».

Etsipen puntu bat espero genuen euren aldartean; «zergatik ba?», esan digute irribarre batekin. Urriaren 7an izan ginen azkenekoz Bartzelonako l ‘Estel eskolan erreferendum egunean bizitakoen oroimena fresko gorde asmoz. Oraindik ez zen 155ik, Puigdemont presidenteak ez zuen independentzia adierazpenik egin, kataluniarrek ez zuten preso politikorik, ez zen xingola horirik, ez hauteskunde datarik. «Orain espero dezakegun bakarra hurrengo asteetan atzera bueltarik ez duen prozesua lagunduko duten urratsak izatea da», zioen orduan Lambert gurasoak; «imajinatu ere ezin ditzakegunak egingo dituzte prozesua geldiarazteko», Miren ondarroar Bartzelonaratuak.

Berriz elkartu gara eurekin jada atean lorerik ez duen Sant Andreu auzoan kokaturiko ikastetxean. Elisenda gurasoa ere batu da kafearen goxora, «nik ez nuen imajinatu ere egiten halakorik gerta zitekeenik; preso politikoak, hau debekatua, hura debekatua, debekatua, debekatua... ez nuen halakorik inoiz uste izango», dio garbi. Lambertek nazioarteko urratsen bat espero zuen; «ez da halakorik izan», dio ahots lausoz; «prestatuak zeuden espainiarrak, horretarako prestatuak baitaude, egurra emateko, horretarako soilik daude prestatuak», dio Mirenek.

Hiruretatik Miren da erreferendumaren olatuak utziko zuen hondarra espero zuela dioen bakarra. «Agian inuzente samarrak izan ginen –dio Lambertek– uste genuen Esplai eta aisialdi denborako master batekin dena lortu ahal genuela» (Katalunian oso hedatuak dauden aisialdi taldeak dira Esplai deiturikoak). Eta zer ondorio ekar dezake oldarraldiak? «Herri berri bat eraiki nahi badugu gure seme-alabak hobeto bizi daitezen da, eta orain arte izan duguna baino zerbait hobea eraikitzea ez da zaila, ikusi dugu zer zen orain arte geneukana», dio garaian irakasle eta orain mendi gida lanetan ari den gurasoak. «Beti esan izan digute modu baketsuan eginez gero dena egin ahal zela, baina ez da egia, ikusi dugu –dio–. Esaneko ginen orain arte eta munstroa bare zegoen, baina lehen desadostasun politikoa agertu denean ez dira gai izan 78ko erregimenaren diskurtsoan txertatzeko».

1976ko abuztuan jaio zen Elisenda; kalkuluak aterata gurasoek bera sortzeko lanak Franco hil zen egunaren bueltan egin zituztela esan izan omen dute maiz etxean broma giroan; «ni jaio nintzenean gurasoek bizi izan zuten egoera ari naiz bizitzen ni orain». Baina aldatu da, «eredua aldatu da, dagoeneko ezin dugu onartu epaile batek esatea nola eta zer esan ahal dugun, nola hezi behar ditugun gure haurrak». Mirenen esanetan, «duintasunaren aurka» egin du Gobernu espainolak. Parte hartze handia espero du horregatik gaurko; «izugarria izango da, bere-berea den zerbait ukitu diote jendeari eta botoa ematera joango da erantzun gisa».

«Interbenitua, baina librea naiz»

Independentismoa hiru zerrendatan doa eta hirurak harritu ditu honek. «Nahastua» utzi zuen erabakiak Lambert, ez zuen espero Elisendak eta, agian, balizko legez kanporatze bati iskin egiteko bidea izan dela uste du Mirenek. Hala ere, Lamberten ustez, «kanpaina gardena egin dute hiru alderdiek eta horrek erakusten du abiatutako bidean elkarrekin jarraituko dugula». Aldaketa handirik ez dute ikusten jendearen posizioetan; «independentista denak boto independentista emango du», esan du Mirenek; «kanpainako aurrekontua aurreztu ahal zuten, oso gutxik aldatuko zuen bere posizioa», Lambertek.

Desioez, edo esperantzez, galdetuta, emozioz esan dute Elisendak eta Lambertek «askatasuna», bakea baino gehiago. Mirenek azalpena, «lehen bakea nuen, komatxo artean –dio–, baina ez nintzen libre, orain ez dut bakerik, baina librea naiz; interbenituak gaude, baina askeak gara».