B.Z.
Bartzelona

Ia 4.500 lagunek ahalbidetu dute ANCren eta CDR-ren kontaketa

155. artikulua aplikatu eta hauteskundeak deitu bezain pronto, batek baino gehiagok pentsatu zuen hurbiletik jarraitu beharrekoa zela salbuespen egoera batean egindako deialdia. Gizarte zibileko eragileak martxan jarri ziren berehala eta, nahiz eta azkenean ERCk eta JxCatek beren kasa antolatu zuten ahaldun sarea, ANC-k eta CDR-ek elkarlana adostu zuten CUPen laguntzarekin.

Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatu eta atzoko hauteskundeak deitu bezain pronto, batek baino gehiagok pentsatu zuen hurbiletik jarraitu beharrekoa zela salbuespen egoera batean egindako deialdia. Gizarte zibileko eragileak martxan jarri ziren berehala eta, nahiz eta azkenean ERCk eta JxCatek beren kasa antolatu zuten ahaldun sarea, Biltzar Nazional Katalanak (ANC, katalanez) eta Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) elkarlana adostu zuten CUPen laguntzarekin. “Zeuk bozkatu, zeuk zenbatu”, deitu zuten ekimen berritzailea.

4.000 lagunek baino gehiagok ahaldun izateko eman zuten izena hiru alderdi independentistetako baten izenean, hautesleku guztietan behintzat pertsona bat bermatzeko. Ahaldunei beste 300 boluntario gehitu zitzaizkien Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean antolatutako zentro logistikoan. Bertan, mahai bakoitzeko informazioa jaso eta datuak prozesatu ostean, emaitzak zuzenean eman zituzten Interneten bidez, nahiz eta emaitza ofizialak baino beranduago iritsi. Edonola ere, helburua ez zen hainbeste datuak eskaini ahal izatea, baizik eta irregulartasunak atzematea.

CDR-ren izenean, Julia Urgellek «zilegitasunik gabeko hauteskundeak» izan zirela gogoratu zuen eguerdian egindako prentsaurrekoan, eta kontaketa alternatiboa posible egin zuen «herri antolaketa» goraipatu zuen. Haren ondoan, ANCko presidenteak, Agusti Alcoberrok, aurrekontua militanteen eskaerari erantzuteko antolatu zutela azaldu zuen.

Gaua Drassanes-en

Gauean, aldiz, Pompeu Fabrako zentroa utzi eta ANCk Drassanesera mugitu zuen bere kuartel nagusia, gau elektorala jarraitzeko. Hauteskundeak baloratzen lehenengo ekintzaileak izan ziren Batzar Nazionalekoak, gaueko 23.00etan. Alcoberrok argi utzi nahi izan zuen independentismoak irabazi zituela bozak, 155. artikulua baliogabetuz.

Alcoberrok Puigdemonten gobernuaren itzulera aldarrikatu zuen, hala nola preso politikoen berehalako askatasuna. «Espainiako Estatuak ez du inoiz Kataluniako ahotsa isiltzea lortuko, ez urriaren 1ean, ez legez kanpoko hauteskunde hauetan», esanez bukatu zuen Batzarreko presidenteak.