@MartxeloDiaz
IRUÑEA

Nafarroako ehun eragile presoen eskubideen alde azaldu dira

Nafarroako jendarteko esparru desberdinetako ehun eragilek presoen eskubideen alde azaldu dira. Bide batez, sakabanaketaren amaiera, larriki dauden presoen askatasuna aldarrikatu eta salbuespen legediarekin amaitzeko eskatu dute. Honez, gain urtarrilaren 13an Bilboko manifestazioan partehartzeko deia ere egin dute.

Presoen alde sinatu duten ehun eragleren ordezkaritza izan da gaur Iruñeko agerraldian. (@MartxeloDiaz)
Presoen alde sinatu duten ehun eragleren ordezkaritza izan da gaur Iruñeko agerraldian. (@MartxeloDiaz)

Gaur Iruñean egin duten agerraldian presoek pairatzen duten egoera gertutik sufritzen duten pertsonak zeuden: Emilio Altable (Txuma Altable Txantreako presoaren anaia), Ana Fernandez (sakabanaketaren ondorioz hildako Sara Fernandezen ahizpa), Nerea Makuso (Gorka Fraile preso gaixoaren senidea) eta motxilaren umeen izenean Ilazki izan dira mahaian Julio Soto bertsolariarekin batera.

Nafarroako jendartearen ehun eragiletik gora sinatu dute presoen eskubideen aldeko manifestua. Bertan, abenduaren 9an Parisen euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketen amaiera emateko mobilizazioa gogoratu  eta gizarte zibilak duen garrantzia nabarmendu dute. «Estatu frantziar zein espainiarraren borondate ezaren aurrean, gizarte zibila izan da Frantziako arduradun politiko eta judzialekin biltzea lortu duena. Gainera, elkarrizketaren bitartez, espetxe politikari konponbide bat emateko emaitza positibo eta garrantzitsuak lortzen ari dira.

«Txalogarria iruditzen zaizkigu urrats horiek, eta eredu hori jarraituz, gatazka honen sufrimendu eta eskubide urraketekin amaitzeko gizarte zibila aktibo izatea beharrezkoa dela sinisten dugu. Gizarte zibil aktibo bat lorgarria dela uste dugu, gainera. Norberaren indar eta borondatearekin lortuko dugu hori. Jendarte honek elkarrekin aurrera egin nahi duelako, horrenbeste sufrimendu eragiten duten ezohiko neurrirekin amaitzeko prest dagoelako, eta azken batean, konponbidearen eta bakearen bidean pausuak emateko prest dagoen gizartea garelako», nabarmendu dute.

«Egia da, Estatu espainiarrak ez duela konponbide prozesua martxan jartzeko inongo borondaterik erakutsi, baina hemen, nafar gizartean, euskal presoek pairatazen dituzten eskubide urraketen kontra agertu Nafarroako jendartea. Maila instituzionalean zein sindikalean esaterako. Halere, oraindik bide luzea geratzen zaigu, eta bide hori elkarrekin egin nahi dugu. Ez dugu atzera pausurik emanen. Prest gaude! Dispertsioarekin berehalakoan amaitu behar da., larriki gaixo dauden presoak haien etxeetan egon behar dira, salbuespen legedia amaitu behar da. Bide honetan, datorren urtarrilaren 13an zuekin guztiokin, Bilboko kaleak bete nahi ditugu», gaineratu dute.