Maider IANTZI
ZALDIBIA

Landaola Sariek animoz elikatu dituzte landa elikatzen dutenak

Azkoitiko Hazitik Kooperatiba elkartearen Bizilore eta Abaraxka proiektuak, Tolosako Udalaren Santa Lutziako nekazaritza hazitegia, Antton Dorronsoro EHNEren sortzailea eta kooperatiba eta baserria uztartu dituen German Muruamendiaraz saritu ditu Landaolak.

Ttiki gelditu zen Zaldibiako Goizane eraikineko aretoa lehenbiziko Landaola Sarien ekitaldirako. Aulkiak atera eta atera ibili ziren Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federaziokoak gonbidatuak eser zitezen. Atea ireki zuten leku gehiago egiteko. Pasilloraino iristen zen jendea: lehen sektoreko gizon-emakumeak, zahar, gazte eta haurrak, baita Lakuako Gobernuko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak ere.

Tartean ziren aitortza jasotzeko hamar hautagaiak, herrialde osokoak, sarituak zein izanen ziren jakiteko irrikaz. Pixka bat itxaron behar izan zuten, atalez atal joan baitzen Izaro Iraeta aurkezlea hautagaien berri ematen, elkarte pribatuetatik hasita. Lau proiektu azaldu zituen: Lurrarteren Baserritik Zuzenean, Elayren Baserritik Lantokira, Goierri Nekazal Kooperatibaren gogoeta estrategikoa eta eraberritzea, eta Hazitik Kooperatiba elkartearen Bizilore eta Abaraxka. Eta eserlekuetan mugitzen hasi ziren Irune Agirregabiria eta Galder Gonzalez, pozarren, beren izena adituta.

Agirregabiriak 2015ean eratutako Hazitik Kooperatiban egunero naturarekiko errespetuan hezten saiatzen direla agertu zuen, bai Bizilore eskola aktiboan bai Abaraxka aterpetxean. Azkoitiko Kukuerri landa auzoan kokatuta daude biak, eta honako balioak dituzte ipar: bizi prozesuekiko errespetuzko ikuspegia, norbanakoaren izaeraren garapen askea eta harreman orekatu eta osasuntsuen aldeko apustua. Pertsonekin, ingurunearekin, harreman zein prozesu jasangarriekin eta berrikuntzarekin dute konpromisoa.

Praktiketarako lurra

Erakunde publikoen atalean, sei proiektu hautagai zeuden: Oiartzungo Udalaren Lurbizi, Leintz Gatzagako Udalaren 2017ko Gatz Eguna eta Azoka Ekologikoa, Itziarko Auzo Udalaren Burugorri Eraikina, Urola Garaiko Garapenerako Agentziaren Bertatik Bertara, Azpeitiko Udalaren Azoka Plaza eta Tolosako Udalaren Santa Lutziako Nekazaritza Hazitegia.

Azken honentzat izan zen aitortza, nekazaritza sektorean trebatu nahi duten ekintzaile berriei hauspoa emateagatik. Baratzegintzako formakuntza egina duten pertsonei hazitegiko lursaila eskaintzen diete bi edo hiru urtean. Hala, nekazaritzan modu profesionalean hasi baino lehen beren egitasmoei forma emateko aukera dute. Lehen zikloa amaituta, bigarrena hasteko deialdia abian dute eta nahiko lur izatea dute erronka, saria jaso zuen kideak azaldu zuenez. Poltsa bat sortzeko ideiari bueltaka ari direla erran zuen.

Norbanakoen urteetako ibilbidea saritzeko unea iritsi zen. Mahaian bi garaikur gelditzen ziren. Bat, Antton Dorronsororentzat. Bigarrena, German Muruamendiarazentzat. Dorronsoro ez zen bakarrik azaldu jendaurrera, Larraitz eta Amaiur bilobak eskutik hartuta baizik. Ondazarte baserriko testigua ziurtatuta eta ondorengoen ibilbidearekin kontent erretiratu da. «Halako sariak bizitzaren bukaeran jasotzen dira, baina ni pozik nago ez zaidalako hala gertatu. Bizipoz handiz eta ilusioz nago, bosgarren belaunaldia ezagutuko dudalakoan».

EHNE sindikatuaren sortzaile eta lehen lehendakariak, Igeldoko Esnearen sortzaileak eta salmenta zuzenaren eta bide berrien alde (esne makinarekin) egin duenak adierazi zuen bere ibilbidea «isilean dauden baserritar askorekin» egin duela. Valentin Zamora eta Andoni Lekuona oroitu zituen, eta EHNEn ibilitako nekazari guztiekin partekatu zuen saria. Familiarekin ere bai, jakina: «Nekane, zu izan zara baserriko zutabea».

German Muruamendiarazek zintzotasunez emandako sari gisa jaso zuen Landaolaren esker ona eta aupada. Ibilbide luzea egina da hau ere, Lana Kooperatiban hasi eta Sukal Leku Fundazioko aldira arte. Tartean Behi Alde kooperatibaren eta Debagoieneko Landa Garapen Elkartearen sorreretan parte hartu zuen. Label jatorri-deituran eta Kalitate Fundazioko zuzendari gisa ere aritu da.

«Pribilegiatua naiz, hainbat sektore ezagutu eta hainbat proiekturen bultzatzaile izan naizelako eta oso aberatsa delako hori, baina ez naiz espezialista ezertan», aitortu zuen. Eta kideak bezala lagundu duten guztiekin partekatu zuen unea.

Mendiko Gaztak aipamen berezia jaso zuen. Nabarmendu zutenez, herri proiektu bat da hau, lehen sektoreak jendarteari eskaintzen dion gutizia bat.