Maider IANTZI

EH Bilduren Emakumeen Gunea, balio feministen aurrerabide

Ilusioz eta urduritasun puntu batekin aurkeztu zuten atzo EH Bilduren Emakumeen Gunea. Sinbolikoki inportantea zen sustatzaileentzat ekitaldia. Espazioa koalizioko emakume orori irekia dago, elkartu, saretu eta interes eta beharrak ikusgarri egiteko.

Monika Plazaola Feminismo idazkariak dioenez, EH Bilduk balio feministekin duen konpromisoak ekarri du Emakumeen Gunea sortzea. Ekainean egin zen lehenengo kongresuan estatutu berriak onartu zituzten eta horietan jasota dago. Koalizioa osatzen duten emakumeentzako elkargune bat da, espazio bat batzeko, saretzeko, ahalduntzeko, interes eta beharrak partekatzeko, baita ikusgarri egiteko ere.

Atzo iluntzean aurkeztu zuten Bilbon, Bilborocken. Ekitaldiak bi atal izan zituen; lehena, barrenera begirakoa, EH Bilduko emakumeentzat, eta bigarrena, irekia, kanpoko gonbidatuekin; bertzeren artean, ERCko Mireia Mata, CUPeko Mireia Vehi, Guatemalako Lolita Chavez, Kurdistango Maryam Fathi eta Saharako Garazi Hach Embarek. Aliatu dituzten mugimendu feministako kideak, ikasle mugimendukoak eta sindikatuetakoak ere gonbidatu zituzten. Koalizioko gizon batzuk ere egon ziren. «Berdintasunaren aldeko borroka, balio feministena, denona da eta EH Bildun guztiok hartu dugu konpromisoa», baieztatu zion GARAri Plazaolak.

Jai giroan amaitu zen aurkezpena, Onintza Enbeita bertsolariarekin eta La Furiaren eta DJ Sostenen kontzertuekin. «Guretzat ekitaldi berezia da, lehenengoa, batez ere emakumeoi zuzendua, eta geure egin nahi dugu ‘ezin badugu dantzatu ez da gure iraultza’ aldarrikapena». Abiapuntua izan zen ekitaldi publiko hori, Emakumeen Gunea eratzeko eta aldarrikapen feminista egiteko. Aitortzarako ere bai, «EH Bildun hainbeste eman duten hainbat emakumeri eta mugimendu feministari». Gaurtik jada abian jarriko dute prozesu parte-hartzaile bat, interesa duen emakume ororekin, nola antolatuko diren erabakitzeko. Herrialde guztietan eginen dute lan hori eta behin funtzionamendua erabakita martxan jarriko dira.

Gunea, hortaz, ez da toki fisiko zehatz bat. «Nazio proiekzioa daukagu, orduan moduak bilatu beharko ditugu, EH Bildun orokorrean egiten den bezala, elkartu eta komunikatzeko beste tresna batzuk baliatzeko».

Aspaldiko gogoeta eta lanketa baten ondotik dator, eta ez da kasualitatea honekin batera abian jartzea EH Bildurentzako Berdintasun Plana. «Gizon-emakumeen arteko desberdintasunen erradiografia atera behar dugu erakundean, erronka nagusiak bistaratu, ahalguneak baldin baditugu indartzeko, lehentasunak markatzeko eta, horren arabera, ekintza plan bat egiteko». Aurten koalizioak dituen bi erronka handi dira Emakumeen Gunea eta Berdintasun Plana abiaraztea. Bata emakumeak elkartzeko espazio bat da, bertzea tresna zehatz bat. Desberdinak dira, baina helburu bera dute: berdintasunaren alde pausoak ematea.

Malgua, aukerak emanen dituena

«Emakumeen Gunea barrenera bideratua dago gehienbat: saretzeko, elkartzeko, interes eta beharrak konpartitzeko, hausnartzeko, eztabaidatzeko, gure jardun politikoan ikusten ditugun erronkak azaltzeko… Baina horrek kanpoko isla ere badauka. Adibidez, hautetsiok gure parte-hartze eta jardun politikoa dugu, gauden eremuetan plazaratu nahi ditugun politika feministak. Batzuk instituzioetan daude, besteok egituran… Balio feministak sustatu nahi ditugu EH Bildun bere osotasunean, barruan eta kanpoko gure jardunean».

Ez dira zerotik hasten. «Politika feministako talde nahiko indartsua daukagu». Bide baten jarraipena da hau, finkoagoa, gune bat izateak lana erraztuko diela espero dutelako. Espazio malgua izatea nahi dute, aukerak emanen dituena, parte hartzeko modu desberdinak. Interes eta behar anitzei ahalik eta egokien erantzuten saiatuko dira, «EH Bildu eragile zabal eta handi bat baita, pertsona askok osatua».

Espazioaren beharra dagoela sumatzen dute. Ez emakumeek bakarrik, gizonek ere transmititzen diete hori. Horregatik egin dute ofizial estatutuetan jasoz. Plazaolak dioenez, batez ere mugimendu feministaren espazioak edo feministen arteko askotariko espazioak ezagutzen dituzte. Hurbileko alderdi politikoetan ere, adibidez, BNGn, antzeko proiektuak daudela badakite. Sindikatuetan gaia nola lantzen duten ere ikusi dute. «Erronka handiak daude. Jendarte patriarkal batean sartuta gaude denok eta inor ez dago salbu. Hori da Berdintasun Planean aztertuko duguna, behar den sakontasunez: barrura begira ze kultura politiko daukagun, ze militantzia eredu, ze balio sustatzen ditugun, nola erlazionatzen garen, nola parte hartzen dugun…». Feminismo idazkariak azaltzen duen bezala, hori guztia zeharkatzen baitu generoak. Aurrekontuak, fiskalitatea, garraioa... Deus ere ez da neutroa, ezta kasualitatea ere.