Maider IANTZI

«Lurraren Bidean», harrietan idatzitako istorio zoragarriak

Geologoak entrenatuta daude espazioan eta denboran harrigarriki mugitzeko, milioika urtetan. Gure bizitzan aplikatzen ahal diren hainbat kontu ondorioztatzeko ere bai. «Lurraren Bidean» filmak Euskal Herriko geologiaren jakintza zabaltzen dio jendarteari.

Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean osatu dute “Lurraren Bidean”. «Zientziari buruzko dokumental bat jada arraroa da, geologiaren inguruan egina izatea are arraroagoa, eta euskaraz, guztiz bitxia». Arturo Apraizen hitzak dira. Proiektuaren bihotza da, Arantxa Bodego eta Arantza Aranbururekin batera. Zuzendaritza zientifikoko hiru kideok talde lanean aritu dira hasieratik, kultur eragile eta kazetariekin eskuz esku, eta denek ikasi dute prozesuan. Diotenez, zailena zer kontatu aukeratzea izan da, aunitz dutelako errateko. «Ez genuen geologoek geologoentzat egindako lan bat izatea nahi; geologia jorratu nahi genuen honetaz ez dakitenei edo gutxi dakitenei begira», adierazi du Aranburuk. Ostegunean aurkeztu zuten Kultur Leioan, eta, Bodegok kontatu digunez, irakaskuntzan ari den jendeak eskertu zien, ez dagoelako halako ikasmaterialik eta erabilgarri ikusten dutelako. Aranzadiren asmoa da Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaltzea kopia bat.

Sedimentuen bideari jarraituz, bidaia bat egiten du filmak, Arabako Concha de Harotik Nafarroako Bardeara. Gaurko gure parajean, mendietan, gehien azaleratzen diren arrokak Kretazeo garaikoak dira. Gehienak itsaspean metatu ziren eta orain mendi tontorretan ditugu. Alde batetik, nola sortu ziren esplikatzen dute adituek, eta, bestetik, gure mendietara nola iritsi diren. Amaieran, ibilbidea itxiz, Bardeako sedimentuak nola metatu ziren agertzen dute. Geologoek harrien istorio zoragarriak transmititzen dizkigute. «Mendira joatean beti gaude paisaien atzean zer dagoen antzematen –adierazi du Apraizek–. Arrokek ze antolaketa duten, zergatik agertzen diren hor… Hori, urrunetik ikusita. Lan geologikoa egitean, hurbildu eta arroka motaren eta dituen fosil eta egituren arabera, gai izan beharko genuke jakiteko zein ingurunetan sortu zen, nondik datorren eta zein garaitakoa den».

«Harriei begiratzerakoan nik behintzat argazki bat egiten dut buruan nola izango ote zen sortze momentuan», erantsi du Bodegok. Eta Aranburuk: «Geologook gaitasun berezi bat dugu espazioan eta denboran mugitzeko. Aralarrera igo eta hango kareharriak ikusten ditugunean, fosil eta koralez beteta, itsaso tropikal batean, sakonera txikian, hango amonite eta marrazoekin igeri egiten dugu». Planetaren bilakaera ulertzeaz gain, bertze hainbat gauza aplikagarri ondorioztatzen dituzte. Zartadura handiak dauden lekuetan lurrikarak egon zirela eta egon daitezkeela aurreikusten ahal dute. Petrolio biltegiak eta harrobigintzarako arroka aproposak non egon daitezkeen ere bai. Kaltzioan aberastutako esnearen kaltzioa ere arroketatik ateratzen da, edo hortzetako pasta. Egunero jan edo erabiltzen dugu geologiaren ezagumendutik ateratako zerbait, nahiz eta ez jakin. Egunaren azken segundoaren parekoa da gure existentzia. Hortaz, lurrikarak eta sumendiak kenduta, ez ditugu lurraren aldaketak sumatzen. Baina, kamera azkarrean ikusita, izugarria da eboluzioa. Ziklo bat itxi orduko berri bat hasten da. Espezieak sortu eta desagertzen dira. Tartean gu. «Sekulako orbana utziko dugu arroketan, baina joango gara eta Lurrak bere bidea segituko du». Beti? Erantzuna, irribarrez: «Hori Fisika sailean galdetu».