NAIZ
GASTEIZ

Hezkuntzaren aldeko akordioaren oinarriak aurkeztu dizkie Lakuako Gobernuak eragileei

Cristina Uriarte Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburuak ‘Akordioaren Oinarriak’ dokumentua aurkeztu die gaur hezkuntza alorreko eragile eta sindikatuei. Hezkuntzaren zutabeak zehaztuko dituen zoru komuna osatzea du helburu. Ikastolentzat «abiapuntu baikorra» da agiria; ELAk, LABek eta Steilasek kritikatu egin dute.

Cristina Uriarte sailburua, hezkuntza alorreko eragileekin. (ARGAZKI PRESS)
Cristina Uriarte sailburua, hezkuntza alorreko eragileekin. (ARGAZKI PRESS)

Familia elkarte, irakasle, hezkuntza alorreko patronal eta sindikatuei aurkeztu die Cristina Uriarte sailburuak ‘Hezkuntzaren aldeko akordioa. Akordioaren Oinarriak’ izeneko dokumentua, Gasteizen gaur goizean egin duten bileran. Guztira hogeita hamar eragiletik gora, irakaskuntzarekin lotura dutenak. 

Berrogei lagun inguruk osatu dute dokumentua eta bost lantaldetan lanean aritu diren kideen artean kontsentsua sortu duten alderdiak bildu dituzte. Agirian hezkuntza sistemaren funtsezko oinarriak jasotzen dira eta bost atal jorratzen dira: Bizikidetza, hizkuntzak, ebaluazioa, hezkuntzaren modernizazioa eta ikastetxeen autonomia. 

Datozen egunotan, hezkuntza eta gizarte eragile guztiek, baita herritarrek ere, beharrezkoak deritzoten ekarpenak egiteko aukera izango dute Irekia atariaren bidez, «akordioaren Oinarriak dokumentua aberasten jarraitu ahal izateko».

Uriartek azaldu duenez, «hezkuntzan zein gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute, euskal hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen aldetik. Helburu komuna aintzat hartuko duen Hezkuntzaren aldeko Akordio berri baten beharra. Elkarrizketa, hausnarketa partekatua, akordioa… oinarri horiexen gainean eraiki dugu gure hezkuntza sistema, eta aldaketa ere horiexen gainean oinarritu behar dugu. Talde-erronka baten aurrean gaude, herri-erronkaren aurrean».

Jasotzen diren proposamenak aztertu ondoren osatzen den dokumentu Euskadiko Eskola Kontseilura bidaliko dute, prozesuak aurrera jarrai dezan. Ondoren, Eskola Kontseiluak dokumentuaren gaineko txostena igorriko dio Hezkuntza Sailari.

Azkenik, Hezkuntza Sailak Gobernu Kontseilura igorriko du azken testua, hura jakinaren gainean egon dadin. Lakuako Gobernuak Legebiltzarrera bidaliko du Hezkuntzaren aldeko Akordioa jasotzen duen dokumentua, legebiltzar-taldeek aztertu eta eztabaidatu dezaten. 

Ikastolentzat, «abiapuntu baikorra»

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren iritziz, Uriartek aurkeztu dien agiria hezkuntza akordioa lortzeko «abiapuntu baikorra» da, nahiz eta fase honetan «erdietsi nahi dugun sistemaren publikotasun ereduari dagokion eztabaida falta» izan dela uste duen. Dokumentua «sakon» aztertuko dute ikastolek, beren ekarpenak egiteko.

ELA, LAB eta Steilas

Bileraren ondoren ELAk salatu duenez, Lakuako Gobernuak lantaldeetan landu beharreko edukia eta parte-hartzaileak «aldebakarrez erabaki ditu, eragileoi non parte hartu nahi genuen hautatzeko aukerarik eman gabe», eta «hezkuntza sistemaren arkitektura eta finantziazioaren inguruko eztabaidari betoa» jarri dio.

Prest agertu da hezkuntza sistemaren inguruan «sakon» hitz egin, eztabaidatu eta arazoei irtenbide adostua bilatzeko, baina «Jaurlaritzak ezarri duen prozesuak eduki eta prozeduraren inguruko gabezia larriak» dituela uste du.

Ildo beretik, LAB sindikatuak «benetako» prozesu parte hartzaile bat aldarrikatu du Hezkuntza Ituna osatzeko. Horretarako «burujabetza eta konpetentzia guztiak» defendatu dituzte eta horretarako «autogobernu osoa» beharrezkoa dela nabarmendu dute. Horretarako ikastetxeak eta eskolak «baliabidez hornitzea» defendatu du, baina Lakuako Hezkuntza Sailaren politika «kontrako norabidean» doala azpimarratu.

Steilas ez da bileran izan eta «existitzen ez den akordio bat» antzeztea leporatu dio Hezkuntza Sailari. Izan ere, «benetako ideia elkartrukerik» ez dela izan salatu du. Eskola publikoa indartzeko konpromisoan ere gabeziak ikusten ditu sindikatu horrek.