NAIZ
BILBO

Grebak jarraipen «zabala» izan du EAEko hezkuntza publikoan, sindikatuen arabera

EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan deitutako bigarren greba egunak arrakasta «zabala» izan du. Irakasleen artean jarraipena %70ekoa izan dela jakinarazi du LABek. Steilasekin batera sektore guztietan greba deitu duen ELAren arabera, jarraipena %75ekoa izan da irakasleen artean, %65ekoa sukalde eta garbiketan, %60koa heziketa berezian eta %30ekoa Haurreskoletan.

Donostian egin duten manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Donostian egin duten manifestazioa. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan bigarren greba eguna dute gaur eta, atzo bezala, «irakasleen gehiengo zabalak, %70ak» babestu egin duela azpimarratu du, ohar bidez LAB sindikatuak.

ELAren arabera, greba egunak «oso jarraipen zabala» izan du: %75ekoa irakasleetan, %65ekoa sukalde eta garbiketan, %60koa heziketa berezian eta %30ekoa Haurreskoletan.

Eguerdian mobilizazio jendetsuak egin dituzte hiru hiriburuetan, «Hezkuntza publikoko irakasleak borrokan» lelopean.

Lakuaren datuak

Lakuako Hezkuntza Sailak bestelako zifrak eman ditu grebaren jarraipenari dagokionez. Ikastetxeen %87an eta haurreskola guztietan jaso dituzten datuen arabera, irakasleen artean jarraipena %44,9koa izan da; heziketa berezian %26,8koa; sukalde eta garbiketako langileen artean %19,2koa eta haurreskoletan %14koa.

LAB

«Gelak hustu eta kalera irten gara irakasleen lan baldintzak hobetu eta Euskal Herriak merezi duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzeko», azaldu du LABek.

Gaineratu dutenez, «urtarriletik ez dugu inolako berririk Lakuako Hezkuntza Sailaren partetik eta, bitartean, irakasleentzako egonkortasun proposamenik ez, ratioen inguruko proposamenik ez, baliabide gehigarrien inguruko proposamenik ez, bajak ez zigortzeko proposamenik ez, ordezkapenak kidego guztietan lehenengo egunetik betetzeko proposamenik ez».

Horregatik, «ibilbidearen amaieran gaudela uste duten horiei» zuzendu zaie LAB, «bidearen hasieran besterik ez gaudela» argi utzi asmoz. «Hezkuntzan –adierazi dute– paradigma aldaketa dugu jomuga. Hezkuntza burujabea eraikitzen ari gara lanean eta borrokan».

Bide horretan borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute, «grebek eta mobilizazioek emaitzak ematen dituztela erakutsi dugulako».

ELA

ELAren arabera, sektore desberdinetako langileen «gehiengo zabalak argi erakutsi du Jaurlaritzaren proposamenak ez dituela nahikotzat jotzen, ez diolako hezkuntza publikoko sektore bakoitzak dituen arazo larrienei erantzuten».

Horregatik, dei egin diote Lakuari aldarriak entzun eta neurriak har ditzan. Hala egin ezean ohartarazi dute «mobilizazioaren bideari eutsi beste biderik ez» dutela izango.