Haritz LARRAÑAGA
ITSASU

Euskaraldia erronkari Ipar Euskal Herrian aurre egiteko lehen mugarria Itsasun

Zuberoako, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko 38 herritako 70 lagun bildu ziren atzo, Itsasun, datorren azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan gauzatuko den Euskaraldia egitasmoarekin bat egin eta lanean hasteko. Ez zen aurkezpen ekitaldi soil bat izan, lehen bilkurak, lehen urratsak egiten hasteko balio izan zuen.

«Hamaika egunez Euskal Herri osoko ahalik eta jende gehienak ahalik eta euskara gehien erabiltzea» xede duen ekimena Euskal Herri osoan gauzatuko da eta berau koordinatu eta baliabideak eskaintzeko ardura Topaguneak hartu du. Talde horren izenean hitz egin zuen Jasone Mendizabalek bilkurako lehen zatian. Harekin batera, iaz Baiona, Angelu eta Biarritzen eginiko BAM ekimeneko kideek eta beste zenbait kidek ere parte hartu zuten aurkezpenean.

Bilkurako bigarren zatian, ostera, egitasmo teorikoa «lurrera ekartzeko ariketa zehatza» egin dutela azaldu zuen Mendizabalek, alegia, herrietan antolatu, parte hartuko duten ahobizi (euskaraz jakin eta hitz egiteko prest) eta belarripresten (euskaraz hitz egiteko zailtasunak izan arren esfortzua egiteko prest) sarea handitu, eta abar.

«Orain, apirilaren 30a bitartean, herri batzordeak eratzea da lehen helburua», jakinarazi zuen Jenofa Berhokoirigoinek, Ipar Euskal Herrian Euskaraldia koordinatzeko ardura hartu duen kideak. Egiteko lan handia izango den arren, baikor zen bozeramailea; izan ere, bere irudiz, «bada euskaraz bizitzeko gose bat eta jendeak aukera gisa ikusten du Euskaraldia».

Egin beharreko urratsak ere argitu zituen Berhokoirigoinek: «Hona hurbildu den jendeak ardura hartu du beraien herrietako euskaltzaleak deitu, mezua pasa eta parte har dezaten motibatzeko. Horrela sortuko dira, dinamika ahalik eta zabalena izan dadin, beharrezkoak diren herrietako batzordeak, formazioa eta bitartekoak eskaintzeko ardura izango dutenak, eta azkenik, parte hartu nahi duen orok, norbanako gisa, izen emateko epea irekiko da irailean».

Itsasutik norbera bere herrira

Egitasmoan parte hartzeko adin muga 16 urte da, baina atzo Itsasun adin guztietako jendea zegoen eta guztiek zuten lanean hasteko gogo bera. Biarriztik hiru lagun joan zirela azaldu zion GARAri Uhainak. Biarriztarrak pasa den udazkenean Lapurdiko hirigune nagusietan burutu zuten BAM egitasmoan parte hartu zuen, baina bere hitzek lan bera berriz egiteko gogo faltarik ez zuela erakusten zuten: «Aurrekoan 800 pertsona mugiarazi genituen; beraz, oraingo honetan gehiago mugituko ditugu, zeren gaia lantzeko denbora gehiago ere izango dugu».

Zuberoako hiriburutik ere hiru lagun gerturatu ziren. Julen Maulekoa da eta aditzera eman zuenez, «udako pastoralean gaiak presentzia izango du». Zuberotarrak nabarmendu zuenez, «Zuberoan jende anitzek badaki euskaraz, %60k gutxi gorabehera; beraz, lanik handiena belarriprestekin izango dugu, zeren txipa aldatzea da zailena, haiekin frantsesez hitz egiteko dugun ohitura aldatzea».