Maider IANTZI

Lau eraldaketa baikor, aitzinera jarraitzeko

Burujabetasuna eta autonomia, konpromisoa, elkarlana, demokrazia, erresilientzia eta berdintasuna; horiexek dira Elhuyar, Elkar, Argia eta Ikastolen Elkarteak partekatzen dituzten balio nagusiak. Euskararen biziberritze prozesua zergatik gertatu zen aztertu dute, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

Euskararen berreskuratze prozesuan normaltzat hartzen da balio hauek partekatzea. «Zergatik?» galdetu, eta sinplea izan da lehen erantzuna: «Euskaldunak garelako». Baina, pixka bat sakondu, eta atzean dimentsio kulturala zegoela ohartu ziren Agirre Lehendakaria Center-eko ikertzaileak, arrazoitik harago doazen motibazioak. Gorka Espiau zentro honetako kidearen arabera, «gure buruari historia bat kontatzen diogu eta horrek izugarrizko indarra eman digu egoerari buelta emateko».

Kanpoko begirada eman die Espiauk lau erakundetan, Elhuyar, Elkar, Ikastolen Elkartea eta Argian, egindako ikerketari, eta ondorioztatu du egindako eraldaketa ez dela uste bezain normala: «Nazioartetik ikusita transformazioa izugarria da arlo sozial eta ekonomikoan. Egoera larrian dauden herrialdeetan, krisi ekonomiko eta politikoan, giza eskubideen urraketekin... ez da halakorik gertatzen; okerrera joaten da egoera. Baina Euskal Herrian buelta eman zaio egoerari».

Bukaeratik hasi dugu kontakizuna, Orkestrarekin batera proiektuan lagundu duen Agirre Lehendakaria Centerren ekarpenetik. Goazen hasierara orain, protagonistak ezagutzera. Elhuyar da egitasmoaren sortzailea. Bertan egin zen lehen ikerketa 2016an, euskara biziberritzeko prozesuan egon diren balioak eta harreman sareak identifikatzeko eta, bide batez, eraldaketa-narratiba positiboak zabaltzeko. Baina, Imanol Azkue teknikariak agertu bezala, bazekiten Elhuyarrena ez zela kasu isolatua eta bazirela erakunde berritzaile gehiago. Horregatik, 2017an, Argia, Elkar eta Ikastolen Elkartean egin zuten ariketa bera.

Lau erakundeetako narratibak bildu, kontrastatu eta ondorioak atera zituzten. Horiexek aurkeztu zituzten ostegun arratsaldean, Martin Ugalde kultur parkean, gaiarekiko interesa duten lagun guztiekin konpartitu zuten mahai-inguruan. Martxoaren 20an bigarren solasaldi bat izanen da, oraingoan Bilboko Bizkaia aretoan. Bertzeak bertze, Juan Jose Ibarretxe izanen da bertan, Agirre Lehendakaria Centerreko ordezkari gisa.

Argia

Andoaingo lehenbiziko kontakizuna Bego Zuza Argiako langileak egin zuen, era hagitz grafikoan. Prozesu polita izan dela adieraziz hasi zen. «Ondo pasa dugu». Argiak egindako ibilbidea aztertzean harro egoteko gauzak egin dituztela konturatu direla azaldu zuen. «Langileok gara Argiaren jabe. Erabakiak guk hartzen ditugu, libre, eta ondorioak, onak eta txarrak, guk jasotzen ditugu. Asko ikasten dugu horrela».

Bertzeren artean, kudeaketa eredua barrenetik aldatu dutela kontatu zuen, eztabaida sakon batekin, honako balioetatik abiatuta: parte-hartzea, burujabetza eta berdintasuna. «Oso hierarkizatuak geneuzkan erabakiak eta hierarkiak haustea pentsatu genuen. Nola? Dirutik, soldatak berdinduz, goikoak jaitsiz eta behekoak igoz». Gehien irabazten zutenei komentatu eta «oso ondo, zorionak» erantzun zieten. Gutxien irabazten zutenak, aldiz, ardurak hartzen hasi ziren. Hala, partaidetza ikaragarri zabaldu da eta benetako berdintasuna martxan dutela sentitzen dute.

Elkar

Joanmari Larrartek Elkarren hiru balio nabarmendu zituen. Lehenbizikoa, elkarlana. Hau urteekin sakondu eta sendotu egin dela eta egitura hartu duela azaldu zuen. Adibidez, ikastolekin, Katxiporretarekin eta Lotura Filmsekin batera animaziozko film eta telesail bana prestatzen ari dira. Musikan, zigilu partekatuak sortu dituzte, erdia Elkarrek eta bertze erdia musikariek hartuta. Ken7rekin hala egin dute. Bigarren balioa irauteko bokazioa da. Horretarako, egokitzea ezinbertzekoa izan da. Hirugarrena berrinbertsioa da, etekinak euskal kulturaren beharretara bueltatzea.

Ikastolen Elkartea

Abel Ariznabarretak euskararekiko konpromisoa azpimarratu zuen Ikastolen Elkartearen lehenbiziko puntu baikor gisa. Herritik sortu ziren ikastolak, euskararen iraupenerako ezinbertzeko tresna gisa, eta proiektuarekiko atxikimendua nabaria da jendartean.

Ezaugarri horiekin lotuta daude auzolana eta partaidetza. Inplikazioak handia izaten segitzen du. Hirugarren balioa egokitzeko gaitasuna da, jendartearen behar, eskari eta errealitatera, baita lege eta araudietara ere. Harreman sareak ongi landutako bide gisa baloratzen dira.

Elhuyar

Leire Canciok ausart adjektiboa jarri zion Elhuyarri. Bere egitekoa euskara esparru berrietara zabaltzea zela ikusi zuen elkarteak hasieratik. Pertsonak gakoa izan dira horretan. Barne ekintzailetza eta autonomia sustatzen dituzte hauekin.

Aitzindaritza ere azpimarratu zuen. «Zerotik eraiki dugu. Euskarazko CD-ROMak dira horren adibide. Agortuta daude hauek. Aitzindaritza galdu dugu kasu batzuetan. Erreferentzialtasunean erosoago gaude. Ekarpena egin nahi dugu berrikuntzan eta teknologian». Azkenik, kalitatea eta modernotasuna aipatu zituen. Kalitatea, jakintza, esperientzia eta zorroztasunarekin lotuta. Modernotasuna, berritzearekin, adi egotearekin. Zientziaren dibulgaziotik dator Elhuyarren zati bat eta ibilbide zientifiko horren eragina sumatzen da honetan.

Lau kontakizun hauetatik hainbat ondorio atera dituzte: balio partekatuak dituzte, iraganaz narratiba komun indartsua (etorkizunean narratiba hori nolakoa izanen den zehazteko erronka dute), sistema sozial konplexuak dira, kapital sozial handikoak, eta kooperazioan eta konpetentzian oinarrituak.