NAIZ
BEIJING

AEBetako 128 produkturi %15 eta %25 arteko muga-zergak ezarri dizkie Txinako Gobernuak

Donald Trumpen Gobernuak altzairuari eta aluminioari ezarritako zergei erantzunez, Txinako Merkataritza Ministerioak baieztatu du gauerdian indarrean sartu direla AEBetako 128 produkturen gaineko muga-zergak, %15 eta %25 bitartekoak.

Gauerdian bertan behera utzi ditu Txinako Gobrernuak zergak murrizteko hainbat akordio eta, ondorioz, Estatu Batuetako 128 produkturi %15 eta %25 bitarteko muga-zerga ezarriko zaie. Zehazki, 120 produkturi %15eko muga-zerga ezarriko zaie eta beste zortziri –tartean txerrikiei–, aldiz, %25ekoa.

Merkataritza Ministerio txinatarrak salatu du herrialde horretako altzairu eta aluminioari muga-zergak ezartzeko Etxe Zuriak hartutako erabakiak Munduko Merkataritza Erakundearen arauak hausten dituela, herrialde jakin batzuk baino ez dituelako jomuga –Europar Batasuneko herrialdeak eta beste aliatu batzuk kanpoan utzi zituen Trumpek–.

Hain zuzen ere, ez diskriminaziorako printzipioa munduko merkataritzaren «giltzarria» dela nabarmendu du Merkataritza Ministerioak.

Hori dela-eta, erabakian atzera egiteko eta aldebiko akordioen bidera itzultzeko eskatu dio Txinak Etxe Zuriari.

Martxoaren 23an ohartarazi zuen Txinako Gobernuak gaur indarrean sartu diren zergak ezarriko zituela, AEBek altzairu eta aluminio txinatarren aurkako neurriei eusten bazieten.

Era berean, Gobernu txinatarrak behin baino gehiagotan azpimarratu du ez duela gerra komertzialik nahi eta, horregatik, «Pandoraren kutxa» ez irekitzeko eskatu zioten Trumpen Exekutiboari.