Maitane ALDANONDO

Ekonomia, heziketa eta harreman eraldatzaileak batu ditu KoopFabrikak

Ekonomia sozial eta eraldatzailearen baitan jardutea erabaki duen ekintzaile talde batek doako formakuntza jaso du KoopFabrika ekimenean. Hamar asteotan ikasitakoak eta bizitakoak euren proiektuan izandako eragina partekatuz itxi dute lehen fasea.

Ideia edo proiektu bat edukitzeaz gain, hori gauzatzeko ezagutza ere ezinbestekoa da ekiteko. Are gehiago, nagusi den eredua baino, bestelako bide baten alde egiten badute ekintzaileek. Kooperatiba Fabrikak (KoopFabrika) ekonomia sozial eraldatzailean jardun nahi duten 50 bat laguni eman die haren inguruan ikasteko aukera, proiektu profesionalak eta ekimen sozioekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programaren bidez. Trebakuntza, tutoretza eta saretzea biltzen dituen bidearen lehen urratsa, Formazio Tailerra, egin berri dute. Gipuzkoako lau eskualdetan dituzten hazitegietan gauzatu dute, tokiko beharrak eta errealitateak ere kontuan har ditzaten egitasmo berriek. Guztira 27 negozio ideia landu dituzte: zortzi Buruntza-Beterrin, zazpi Bidasoan eta seina Oarsoaldean nahiz Debagoienan.

Hamar asteotan ikasitakoa euren egitasmoetan txertatzen joan dira partaideak, eta heziketa prozesua amaitzeko, aldaketaren berri eman behar izan zieten formatzaileei nahiz ikaskideei. Jendaurrekoak Huhezi Eskoriatzako fakultatean egin zituzten martxoren 22an eta 23an. 45 minutu arteko saioetan, negozio asmoaren ezaugarriak, jarduera edota antolaketa moduaren inguruko xehetasunak aurkeztu zituzten ekintzaileek. KoopFabrikako talde teknikoko kideek, aldiz, egindakoa ebaluatu zuten. Horretan aritu zen, besteren artean, Elena Herrarte. «Azaldu behar zuten abiapuntuan non zegoen proiektua, zein jomuga zituzten eta bidean jaso dutena». Izan ere, ariketaren helburua baita eraldaketa nolakoa izan den ikustea eta etorkizuneko erronkak zehaztea.

Hausnarketa horren berri eman zutenetako bat Gari Garaialde izan zen. Aurkezpena prestatu beharrak proiektuaren ikuspegi hobea edukitzeko balio izan diola uste du, izan ere, «adar asko ditu eta buruan dena nahastuta neukan». Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa egitasmoak ekarri du KoopFabrikara. Helburu zuen orain arte «saltoka, gehiegi pentsatu gabe» egindako gauzak «txukuntzea» eta plangintza ekonomiko nahiz estrategiko bat egiten ikastea. «Gauza asko ez genituen ezagutzen, gabezia asko genituen enpresa eratzekoan. Joan beharrean edozein garapen agentziatara, KoopFabrikara jotzea egokiago ikusten genuen. Gure bidearekin lotuago egongo zela-eta», azaldu du. Eskola teoriko batzuk «itzelak» iruditu zaizkio eta formakuntza lagungarri izan zaio ekonomia sozial eta eraldatzailearen hainbat faktore barneratzeko eta haren inguruan dagoen sarean txertatzeko. Izarkomi egin dion ekarpena, ordea, harago doa, eragina izan baitu askotariko ibilbidea duen jendearekin elkarlanean aritzeak ere. «Agian proiektu ekonomikoari ez dio gauza handirik gehituko, baina pentsamendu ideologikoari edo sozioekonomikoari bai. Proposatu ditugun gauza batzuei kritika batzuk egin zaizkie hasieran ez genizkionak gure buruari planteatu», aitortu du. Gogoeta egitea sustatzen duen aldetik, proiektuak jendartera ateratzeari eta eztabaidatzeari interesgarri deritzo oso.

Ezagutza baino gehiago

KoopFabrikara heldu zirenean, ekintzaileek ekarritako asmoak fase oso desberdinetan zeuden; ondorioz, oso bestelako garapena izan dute batzuek eta besteek. Hezitzaile taldeko Leire Udabek zehaztu duenez, «normalean, negozio unitatea definituta izan ohi dute, baina landu gabe ekintzailetza sozial eta kooperatiboari lotutako gakoak. Nahiz eta sorburuko jarduera funtsean mantendu, antolaketa edota harremantzeko modua adibidez, klabe sozial eraldatzaile eta kolektiboan oinarritu dute. Enpresa bera da, baina beste logika batekin». Gertatutako aldaketen artean, martxan zegoen proiektu baten baitan lan ildo berri bat sortu dutenak badira; baita heziketa jasotzeko xedez parte hartu eta eskuartean proiektu asmo bat dutela amaitu dutenak ere.

Ezagutza teorikoetatik harago, ordea, Formazio Fabrikak bestelako ekarpen ugari egin dizkie ekintzaileei. Horietako batzuk entzuteko aukera izan zen itxiera gisa egin zuten saioan. Hezitzaile, antolatzaile nahiz partaideak areto batean elkartu ziren, eta, hamaiketakoaren ondoren, zutik, biribila osatuz, bizipenaren inguruko gogoetak partekatu zituzten. Hitza hartzen lehenak Udabe eta antolakuntzako Arianne Kareaga izan ziren. Partaideen ahalegina eskertu eta aurrerantzean egingo dutenaren inguruko argibideak eman zizkieten. Jarraian, ekintzaileen txanda izan zen. Esker oneko hitzak izan ziren nagusi. Kideetako batek nabarmendu zuen hezkuntza doan jasotzeko aukera ez dela batere ohikoa. «Ez da transakzio ekonomikoa, jakintzen hartu-emana izan da. Hori gaur egun ez da ohikoa». Esandakoari erantzunez, ikaskide batek berehala zehaztu zuen «monetizaziorik ez, baina transakzio ekonomikoa egon, egon da; ekonomiaz jabetu garelako». Ezohiko aspektuekin jarraituz, partaideetako batek gizatasuna azpimarratu zuen. «Aurkikuntza bat izan da hemen jasotako guztia, egindako lan guztia, zuekin tratua, proiektuak duen gizatasuna... inoiz baino gehiago behar dugun gauza bat da. Hemen eredu pila daude, sotiletik hasi eta kuantifika daitezkeen gauza guztietara».

Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko parada izateaz gain, zerbaiten parte sentitu eta bakardadea gainditzeko bidea ere izan da askorentzat. Hitza hartu zutenek adierazi ez bazuten ere, hori jakinarazi diote partaideetako hainbatek Udaberi heziketak iraun duen artean. «Maiz pentsatu dute eurek bakarrik pentsatzen dutela horrela, klabe sozialetan, eta hemen ikusi dute jende gehiago badagoela. Leku bat topatu dute. Batzuek nahiko bideratuta daukate, baina lasaitasuna eman die, erreferentzia bat, toki bat... Agian, ez da proiektuan hain gauza tekniko edo zehatza, baina emozionalki asko balio izan die ilusioarekin eta motibazioarekin jarraitzeko», nabarmendu du hezitzaileak.

Horrek guztiak ahalbidetu du kideen arteko sinergiak sortzea ere. Esaterako, bi lagun batu egin dira sorburuan zituzten ideiak fusionatuz; eta beste bik, berriz, elkarlanerako pausoak eman dituzte. Hala, lankidetza gerta daiteke psikologia zerbitzuak eskaintzen dituen partaidearen eta familia elkargunea abiarazi nahi duenaren artean. Hain zuzen ere, harremanak lantzeko eta beste ekimenak ezagutzeko bide interesgarria iruditu zaio Markel Mendizabal ekintzaileari. Euskara balio zein oinarri duen web garapen eta aplikazioen inguruko negozioa eratzen ari da kide batekin eta ikuspegi berezi batetik jardun nahi dute. «Proiektuak sortu nahi ditugu jendearen beharretatik, ez interes bezala. Garatutako proiektuei jarraipena egin nahi diegu eta baloratu komunitateari zein ekarpen egiten diogun», azaldu du. Hasieratik argi zuten bai lurraldean txertatuta lan egingo dutela bai eskainiko dituzten zerbitzuak ere; KoopFabrikak, aldiz, gainerakoa zehazteko balio izan die. «Bereziki, paper kontuak. Galduta sentitzen zara, ez dakizu nora jo... Hemen tutoreak dauzkazu. Ez dizute lana egingo, baina bideratuko zaituzte. Esango dizute norekin egon, hori nork dakien...». Aurrera begira osatu beharreko zenbait hutsune atzeman dituzte, eta, hurrengo faseari dagokionez, kooperatiba izatera iristeko urrats guztiak landu nahi dituzte, gutxienez. «Pausoa eman behar dugunerako, atzeko lan guztia egina izatea, arrapaladan ez ibiltzeko», laburbildu du gazteak.

Helburuak zehaztu

Formakuntza amaituta, 26 bat proiektu hazi edo aurreproiektu pasako dira hurrengo fasera. Askotariko negozio asmoak badira ere, hainbat komunikazio agentziak edo irudigintzari lotutakoak dira, eta beste bi, etxebizitza kooperatiboen ingurukoak. Hori horrela, aurkeztutako gehienek jarraituko dute programazioan. Haiei batuko zaizkie iaztik heltze fasean dagoen beste bat eta Abaraska, Donostian etxebizitza kooperatiboak egin nahi dituen taldea.

Aste Santuko oporren ondoren ekingo diote Tutoretza Fabrikari eta ekainaren 30a arte luzatuko da. Hiru xede zehatz ditu fase horrek: talde ekintzailea kohesionatzea eta ahalduntzea, proiektuen bideragarritasun planetan aurreratzea, eta, azkenik, esperientzia pilotuak abiatzea. Talde bakoitzak tutore edo bidelagun bat izango du eta zortzi-hamar bat ordu izango ditu egitasmo bakoitzari eskaintzeko. Kareagak azaldu duenez, hasi aurretik «ekintzaileak eta tutorea ados jarriko dira epe horretan lortu beharreko helburu egingarrietan eta diagnosian. Noraino heldu garen, non gauden eta noraino iritsi nahi dugun. Konpromiso batzuk hartu eta kontratu bat sinatuko dute bi hilabete horietan eraginkorrak izateko».

Era berean, arloren batean behar orokorrak aurreikusten badituzte, saio kolektiboak antolatuko dituzte. Horietara iazko partaideak, sustatzaileak eta formazioren inguruan dabiltzanak ere gonbidatuko dituzte. Jarduera posibleak zehaztu ahal izateko ekintzaileei eskatu diete euren beharrak, gabeziak edo dena delakoak jakinarazteko tutoreei edota antolatzaileei. Izan ere, partaide guztientzat berdina den aldetik, emandako formakuntza nahiko itxia da. Horregatik, eskualdetan dauden gabeziak identifikatzeko ahalegina egiten dute, horiek nolabait bideratzeko.

Dena den, KoopFabrikan heziketa ez da ekintzaileei bakarrik mugatzen. Bidelagun edo tutore lanean ariko diren kideak paraleloki prestatu dituzte Formatzaileen Formazioan. Bertan landu dituzte ekintzailetza sozial kooperatiboaren balioak eta egitekoak, proiektuen akonpainamendu teknikoa menperatzea eta pertsonen akonpainamendu humanoan trebatzea.

Ardura hori hartuko duten lagunak aukeratzerakoan profil aniztasuna kontuan hartu dute, esparru ezberdinetatik datozen pertsonak elkartuz trebakuntza prozesuan: garapen agentzietako eta udaletako teknikariak, eragile kooperatibo-komunitarioak, hezkuntza zentroetako irakasle eta ikerlariak... Udabe da lan horretarako prestatzen aritu direnetako bat. Ardurarekin «motibatuta» dago eta jardueran sortutako sarea ekintzaileen eskura jartzea nahiko luke. «Hortik harreman pila sortzeko aukera dago. Gurutzaketa bilatzea bada erronketako bat, elkar ezagutzen joatea». Hori, ordea, programazioaren hirugarren fasearen ardatza da, Saretze Fabrikan, tutore eta bidelagunen laguntzarekin, ekimen ekonomiko kolektiboak martxan jartzeko beharrezko diren bideragarritasun planak osatu, ekimen pilotuak abian jarri eta enpresa proiektu berriak tokiko eragileekin harremanetan jartzeko ahalegina egingo baitute.