Haritz LARRAÑAGA

Migrazio politika salatzeko ekintza, Hendaiako atxikitze zentroan

Estatu frantseseko Asanblea Nazionalean Gerad Collomb Barne ministroaren «Geriza eta immigrazioa» lege proiektua aztertu zuten atzo. Hautsak harrotu dituen lege proposamena atzera bota dezaten eskatzeko ekintza ikusgarria egin zuten Bizi!-ko kideek, ateak irekitzekoa zen Hendaiako erretentzio zentroan.

Urtebete itxita egon ostean, atzo ateak ireki behar zituen kanporatuak izango diren migranteak atxikitzen dituen Hendaiako erretentzio zentroak. Eraikinaren berezitasunagatik eta aduana-poliziaren kuartela ondoan dagoelako, ohikoa da poliziaren presentzia inguru horretan, baina atzo gotorleku bat zirudien egoitzak. Istiluen kontrako CRS poliziek sarbideak blokeatzeko hesiak eraiki zituzten eta teilatuetan ere poliziak ikus zitezkeen. Agindua hau zen: «Ez dadila inor pasatu!».

«Beraiek gu gara»

Tren geltokiaren eta Santiagoko zubiaren artean dagoen polizia- etxearen aitzinean jendea biltzen hasi zen. Aurpegi ezagunak ere bazeuden, Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria, Sophie Bussiere Europako Ekologista-berdeak alderdiko ordezkaria eta Jose Bove ekologista ezaguna, kasu.

Goizeko bederatzietan «beraiek gu gara» zioen pankarta ireki zuten. Txetx Etxeberri, Biziko bozeramailea, etorkinen plazak ordezkatzeko prest zeuden 146 pertsonen zerrenda esku batean eta megafonoa bestean, bertaratutakoei zuzendu zitzaien: «Bordeletik migranteak ekarriko dituzte eta haientzako dauden 30 lekuak gu hartzen saiatuko gara». Horrela, eraikinaren inguruko hiru sarreretan boluntarioak ezarri ziren. «Ez da ekintza sinboliko hutsa, benetan okupatuko ditugu lekuak», esan zuen Biziko bozeramaileak.

Jende gehiena sarbide nagusian pilatu zen. Bidea ixten zuten polizien furgoneta eta ezkutuen aurrean, Florence Wavemburg mintzatu zen. «Ez dira gu baino errudunagoak, eta gu, herrialde dirudunak, haien egoeraren erantzule gara», ohartarazi zuen Biziko kideak, honakoa gaineratuz: «Errepresio gutxiago, aterpe gehiago».

Jarraian, Mattin Ihidopek hitz egin zuen. «Egiazko eztabaida bat» izateko beharra azpimarratu, eta datozen mobilizazioen berri eman zuen; hala nola, apirilaren 28an migranteen eta errefuxiatuen egoera zein den azaltzeko Hendaiatik abiatuko den “Mugak Zabalduz Karabana” oroitarazi zuen.

«denok gara etorkinak»

Arreta gehien piztu zuen hizlaria Jose Bove izan zen. «Europar guztiok migranteak gara», esanez hasi zuen hitzaldia sindikalistak. Bibote lodiak, ezpainetan zuen pipa eleganteak eta bere hitz egiteko moduak urte askoan eraikitako irudia eta esperientzia erakusten zuten.

Gerrek, lurraren berotze efektuak sortutako ondorioek edo bestelako arrazoiek bultzatuta, «bizitza hobe baten bila lekualdatzea, eskubide bat da, ez delitua», adierazi zuen Bovek. Horregatik, «deliturik egin ez duen jendea giltzaperatzea aberrazio bat da», salatu zuen.

Bitartean, atxikitze zentroko telefonoak sutan ziren. Batetik, Bordeletik iristekoak ziren migranteekin zer egin erabaki behar zuten, eta bestetik, eraikinaren kanpoaldean sortzen ari zen egoera deserosoa kudeatu behar zuten. «Zenbat eta luzaroago iraun ekintzak seinale hobea da guretzat, agian, gaur hona ekarri behar zituzten etorkinen lekualdaketa atzeratu dutela esan nahi baitu», eman zuen aditzera Ihidopek.

Luze jo zuen negoziazio baten ostean, Jose Boveri soilik eman zioten zentrora sartzeko baimena. Europarlamentariak etorkinen lekua hartzeko prest ziren lagunen zerrenda igorri eta haien eskarien berri eman zion zentroko zuzendariari. Eguerdian atera zen eraikinetik bozeramailea eta, irritsu, hau jakinarazi zuen: «Bordeletik ekarri behar zituzten migranteen tokialdatzea atzeratzea lortu dugu».