Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

Grebara deituz erantzun nahi dio LABek patronalaren inpugnazioari

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, sindikatuen lehentasuna lan harremanen euskal esparrua defendatzea izan behar da. Estatu-mailako lan hitzarmenen helburua «euskal langileen baldintzak prekarizatzea» dela gaineratu zuen, eta argitu zuen horri erantzun egin behar zaiola, epaitegien erabakien zain egon gabe.

2017ko urtarrilean sindikatuek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) eta Confebaskek sinaturiko Lanbidearteko Esparru Akordioa inpugnatu zuen martxoan estatu- mailako ostalaritzako patronalak (FEADRS). Egoeraren larritasunaz ohartarazteko, LABek prentsa agerraldia egin eta patronalaren erabakia mobilizazio handi batekin erantzun behar dela adierazi zuen.

Greba orokorraz mintzatu zen Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, askoz gehiago zehaztu gabe. «Sindikatu zein alderdi politikoekin –PPrekin izan ezik– bilera sortak abiatuko ditugu, eta jasotzen dugun erantzunaren arabera erabakiko dugu zer egin», jakinarazi zuen.

«Inpugnazioari erantzuteko tresna eraginkorrena, sindikatu garen aldetik, greba orokorra litzateke, sektore guztietan eta maila konfederalean», gehitu zuen Aranburuk, eta jakinarazi zuen hurrengo astean lanbidearteko akordioa sinatu zuten alde guztiak batuko direla bitariko biltzar batean.

Horren harira, LABeko Ekintza Sindikal eta Negoziazio Kolektiboko ordezkari Xabier Ugartemendiak azpimarratu zuen Lanbidearteko Esparru Akordioa sinatu zuten UGT, CCOO zein Confebaskek ez dutela ezer esan inpugnazioaren inguruan. Eta gogorarazi zuten, estatu-mailako akordioen nagusitasuna ez dela bakarrik patronalaren errua: «Izan ere, gogoraraziko dut UGT eta CCOO izan zirela ostalaritzako hitzarmen markoa inpugnatu zutenak joan den irailean».

«Negoziazio kolektiboaren bi tresna inpugnatuta gure erabaki ahalmena mugatu nahi dute, baita interlokuzio sindikala aldatu edota prekaritatea hedatu ere», gaineratu zuen Ugartemendiak. Aranburuk nabarmendu zuen «daukagun burujabetza txikiari eraso handia egin diotela».

Lanbidearteko Akordioa zein Ostalaritzako Esparru Akordioa oso tresna garrantzitsutzat jotzen dituzte; «enplegu gaietan ez baitugu eskuduntza handirik eta hauekin negoziazio kolektiboa posible izan baita».

«Baldintzak prekarizatzea»

Epaiketaren aurreneko eguna apirilaren 24an izango da, 10.30ean Bilboko Auzitegi Nagusian. Hala, inpugnazioak aurrera egingo balu, LABen ustez, egoera are babesgabeagoa litzateke: «Injerentzia argi bat da; 155. artikulua lan harremanetara ekartzea dela esan dezakegu. Bertako hitzarmenak negoziatzeko dugun eskubidearen kontra jotzen du zuzenean, euskal langileon erabakitze ahalmena erabat mugatuz». Eta, hain zuzen, lehentasuna eskuduntza defendatzea izan behar da, Aranbururen hitzetan.

Horregatik, irailean ELArekin batera adostutako hainbat konpromisori segida eman behar zaiela dio sindikatu abertzaleak. Hala nola, bertako akordioak defendatu, estatalizazioaren aurka jo eta euskal esparruaren aldeko jarrerari eutsi behar zaiola azpimarratu zuten.

Madriletik datozen akordioen helburua «euskal langileen baldintzak prekarizatzea» dela aditzera eman zuten hitza hartu zutenek eta, horri aurre egiteko, hiru neurri zerrendatu zituen Aranburuk. Batetik, beharrezko ikusten du estatu-mailako lan hitzarmenak dituzten enpresek atzera botatzea akordio horiek; bestetik, sortzen diren enpresa berriei Estatuko akordioak sinatzeko tentazioa kendu behar zaie; eta, azkenik, enplegu duina ziurtatzea izango dute zeregin nagusi.

Autogobernua

«Eusko Jaurlaritza ez da Akordio Interprofesionalaren sinatzailea teknikoki, baina babestu egin zuen», eman zuen jakitera idazkari nagusiak. Hori horrela, posizio argi bat exijitzen diote.

Alderdi politikoekin egin nahi dituzten bileretan, autogobernuaz hitz egiteko negoziazio kolektiboaren eskuduntza izatea beharrezkoa dela ohartaraziko diete: «Gure erantzuna ezin baita mugatu soilik epaitegietan erabakitzen diren neurrietara».

 

LAB eta ELAren arteko desadostasuna mobilizazio bateraturako

Ordu batzuk beranduago eta prentsa ohar bidez, ELAk jakinarazi zuen duela bi aste elkarlanerako proposamena egin ziola LABi, apirilaren 24aren aurretik mobilizazio ezberdinen bitartez inpugnazioaren epaiketa ekiditeko, eta LABen aldetik ezezkoa jaso zuela azpimarratu zuen.

ELAri oker izugarria iruditzen zaio, «LABek ELAri proposatutakoa, hots, mobilizazioak maiatzaren erdialderako uztea, akordioaren etorkizuna sindikatuon esku ez dagoenean». GARA