David Pla

«Erabakitasun eta zilegitasun handiagoarekin». ‘Armagabetzea. Euskal bidea’ liburuaren epilogoa (David Pla)

2011 eta 2017 artean ETAren ordezkari izan zen David Plak idatzi zuen Osnyko espetxetik ‘Armagabetzea. Euskal bidea’ liburuaren gibel solasa, iazko urrian. Erakundearen armagabetze prozesuari buruzko kontakizun sakon eta dokumentatua jasotzen du Iñaki Egañak hainbat hedabidetako kazetariekin idatzi eta GARA, Mediabask eta Txalapartak editatu duten lanak. Hona hemen Plaren testua, osorik.

«2011n, Erakundeak borroka armatuari bukaera ematea erabaki zuenean, inork gutxik irudikatzen zuen sei urte geroago egoera honetara iritsiko ginenik. Eta are gutxiago Erakundearen armagabetzea aldebakartasunetik eta jendarte zibilaren bidez gauzatuko zenik, Espainiako eta Frantziako estatuek berau ezinezko bilakatzeko ahalegin guztiak egin eta gero.

Halako egoera paradoxiko asko izan dira urteotan. Estatuek negoziazioari uko egiteaz gain, beren intereseko izan zitezkeen ekimenak baztertu eta eraso dituzte, su-etenaren egiaztatzetik hasita armagabetzeraino. Horrek nazioarteko adituen harridura eragin du, eta gatazkaren konponbiderako «antieredutzat» jo dute Espainiaren jarrera.   

Kontua da Espainiak ez zuela eta ez duela bakerik eta konponbiderik nahi. Erakundeak eta ezker abertzaleak hartutako erabakien ondoren, konfrontazio armatuaren bukaera ordenatua baino gehiago, ziklo aldaketa izan da Espainiaren kezka; konfrontazio demokratikorako zabal zitekeen aro berria, alegia. Bataren bukaera eta bestearen hasiera kate bereko bi begi direlako.

Espainiak ez zuen arrazoizko konponbiderik nahi. Batetik, bere izaera erabat ez-demokratikoa delako. Mendekotasuna da onartzen duen aukera bakarra. Eta, bestetik, 78ko erregimena gainbeheran dagoen honetan, Espainiak ahultasun estrategikoa bizi duelako. Ez du eskaintza demokratiko erakargarria egiterik, noiz eta eztabaida politikoa zabal-zabalik irekiko litzatekeenean.

Gainera, aurreko egoerari neurria hartua zion Espainiak, eta, errepresioa sakatuz eta ezker abertzale osora neurri gabe zabalduz, askapen mugimendua garaituko zuela amesten zuen. Baina ezker abertzalearen estrategia aldaketak eta Erakundearen erabakiak taula politikoa aldatu zuten.

Hortaz, azken urteotakoa bake prozesu bat baino gehiago konponbidea bideratzeko edo ezinezko bilakatzeko bataila izan dela esan daiteke. Azken urteotako bilakaeran egon diren mugimendu nagusiak talka horren emaitza dira:

- Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren testuinguruan, izen handiko nazioarteko pertsonalitateek deialdi bikoitza egin zuten Bruselako Adierazpenean: Erakundeari su-eten iraunkorra aldarrikatzeko eskatzen zioten, nazioarteko talde independente batek egiaztatzeko modukoa; eta, urrats hori eginez gero, Erakundearekin elkarrizketak zabaltzeko eskatzen zioten Espainiako Gobernuari, bake prozesu bati hasiera emateko.

- 2011ko urtarrilean Erakundeak su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria  aldarrikatu zuen, Bruselako Adierazpenari erantzunez. Espainiako Gobernuak urratsa ez-nahikoa zela erantzun zuen, eta nazioarteko egiaztatzea baztertu zuen. Hori izan zen prozesu honetan zehar izan zen lehen egoera bitxia. Izan ere, halako prozesuetan, su-etenaren egiaztatzea erakunde armatuari ezarri ohi zaion baldintza da, bere aktibitatearen nolabaiteko fiskalizatzea, beste aldeari segurtasuna emateko. Baina Espainiak ez zuen halakorik nahi, egindako urratsari balioa kentzeko. Hilabetetan zehar, zalantzak elikatuko zituen Erakundearen jarreraren inguruan.

Erakundeak, aldiz, egiaztatzea ontzat eman zuen, Espainiako Gobernuak ez onartu arren eta, beraz, aitortza ofizialik ez izan arren. Horrela, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrera ahalbidetu zuen. Euskal Herriari eta nazioarteko komunitateari begira egin zuen urratsa, bere erabakiari sinesgarritasuna eta sendotasuna emateko eta konponbide prozesu baten egitura eraikitzen hasteko. 

- Erakundearen urratsak izan zuen eraginik. Euskal Herrian, bake prozesu baterako itxaropena piztu zuen, eta, prozesua abiatzeko, nazioarteko bitartekari talde baten parte-hartze zuzen eta egonkorra ekarri zuen. Talde horrek Espainiako Gobernuarekin eta Erakundearekin egiten zuen harremana, bakoitza bere aldetik. Alde bakoitzaren iritzia entzun, negoziazio prozesu bat zabaltzeko aukerak aztertu eta proposamenak aurkeztea ziren haren zereginak.

Harreman horietan, Erakundeak negoziazio prozesu bat abiarazteko prestutasuna agertu zuen, eta, negoziazioak baldintza egokietan eman zitezen, estatuek beren jardun errepresiboa bertan behera uztearen garrantzia azpimarratu zuen.

Espainiako Gobernua konponbiderako prest agertu zen, baina, horretarako, lehenago, Erakundeak borroka armatua bukatutzat ematea jarri zuen baldintza gisa. Ondoren bai, presoak kaleratu beharko zirela zioen, eta, areago, laguntza ekonomikoa jaso beharko luketela kaleko bizitzari ekiteko. Pentsa zer sinesgarritasun maila zuen, negoziazioak hasi aurretik, bat-bateko eskuzabaltasun hark. 

Segur aski, Espainiako Gobernuak uste zuen Erakundeak ez zuela proposamena onartuko. Normalean, halako erabaki bat negoziazioen ondorio izaten baita, abiapuntu gisa antolakunde armatuek nekez onartzen dutena. Pentsatzekoa da Espainiako Gobernuak ezetza bilatzen zuela, prozesurik ez egotearen ardura Erakundearen gainean uzteko. Bazekien, gainera, estrategia aldaketaren eztabaida giro nahasian gauzatu zela ezker abertzalean eta oraindik ez zegoela adostasun erabatekorik. Hortaz, pentsa daiteke ezker abertzalearen barruan gatazka sortu eta zatiketa gauzatzea bilatzen zuela proposamen horrekin.

- Espainiako Gobernuarekin eta Erakundearekin egindako harremanetan entzundakoak kontuan hartuta, bitartekari taldeak Aieteko Konferentziaren eta bi aldeen konpromisoak biltzen zituen bide-orri oso baten proposamena aurkeztu zien aldeei.

Erakundeak, hainbat ekarpen sartu eta aurrera atera ez ziren zenbait proposamen egin eta gero, proposamena ontzat ematea erabaki zuen. Ez zen eredu perfektua; bide-orriak biltzen zituen konpromisoak beteko zirenik ez zuen bermatzen, eta, negoziazioei begira, Erakundearen posizioa ahultzen zuen. Baina proposamenak bazuen aski sendotasun urrats hori eginda dinamika berri batean hasteko. Kontuan hartu behar da, gainera, borroka armatuaren bukaeraren erabakiak izaera estrategikoa zuela, estrategia aldaketari lotuta dagoela. Hau da, ordurako, Erakundeak argi zuen ez diola jarduera armatuari berriz ekingo. Erabakia noiz eta zer-nolako baldintzetan gauzatu zen da hausnartu beharrekoa.

Espainiako Gobernuak ere ontzat eman zuen, baina Aieteko Konferentziaren diseinuaren gainean aldaketak egiten ahalegindu zen azken unera arte, dimentsioa kentzeko. Espainiako Gobernuak ez zuen bide-orriari jarraipena emateko asmorik, eta horrek eragingo zion kostu politikoa murriztu nahi zuen. Eta, bide batez, Erakundearen erabakia ahalik eta isolatuen agertu nahi zuen, derrotaren diskurtsoa egin ahal izateko.

Nolanahi ere, azpimarratu behar da Aieteko Adierazpenak eta isilpeko bide-orriak baldintza guztiak betetzen zituztela adostasuna lortzeko. Euskal herritarren eta euskal eragileen gehiengoaren gogo eta ikuspegiarekin bat egiten zuten, eta nazioarteko estandarrak betetzen zituzten. Neurri batean, aurretik egin diren proposamenen sintesia zela esan daiteke, ezker abertzalearen Anoetako proposamenetik Ajuria Eneko Itunera. Presoen urruntzea eta sakabanaketa edota ezker abertzalea legez kanporatzea borroka armatuarekin lotzen zutenek ere ez lukete bide-orriarekin arazorik izan beharko. 

Aieteko Konferentzia burutu zen; Erakundeak borroka armatuaren bukaera iragartzen zuen adierazpena egin zuen, eta Erakundearen ordezkaritza Europako herrialde batean kokatu zen, segurtasun berme guztiekin. Dena prest zegoen elkarrizketak zabaltzeko. Baina Espainiako Estatuak uko egin zion, bai PSOE gobernuan egon zen denboran, bai PP gobernura iritsi zenean. Espainiak bere egin zuen jarrera ezkor horrek Euskal Herrian eta nazioarteko zenbait eremutan zekarkion higatze politikoa, beste helburu batzuen mesedetan. Konponbide aukera blokeatuta utzi zuen, Euskal Herrian sortutako giroa hoztu zuen, ezker abertzalearen estrategia kolapsatu zuen eta bere oinarri sozialean ezinegona sortu zuen. Iraganari iltzatuta utzi nahi zituen ezker abertzalea eta Euskal Herria bera.

Aipatu behar da helburu horietan EAJ-PNVren eta Gasteizko Gobernuaren laguntza izan zuela. Agian, ez zuten bat egiten estatuen erabaki guztiekin, baina blokeo egoera ongi zetorkien, hortik abantaila politikoa ateratzen zutelako. 

Ordura arteko uste nagusia hauxe zen: gatazkaren ondorioen konponbidea estatuen eta Erakundearen arteko aldebiko negoziazioetan ebatzi behar zela. Erakundearen armagabetzea, euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa estatuen eta Erakundearen artean adostu behar ziren. Horrek bazuen bere logika, berak izan zirelako konfrontazio armatuaren protagonista nagusiak eta berak zirelako eremu horietan erabakiak hartzeko eta gauzatzeko gaitasuna zutenak. Gainera, aurreko prozesuetan oinarrituta, aldebiko eredu hori oso errotuta zegoen gu guztion iruditeria kolektiboan.

Baina oraingo prozesuak bazuen berezitasunik. Erakundearen aldebakarreko ekimenak jarri zuen abian, eta, Espainiako Estatuak konpromiso zehatzak hartu zituen arren, ez zuen estatuen aldekotasunik. Nolabait, aurreko urratsen logikaren arabera, prozesuari bizitza propioa ematea zen estatuak prozesuaren dinamikan harrapatzeko bidea. Baina, puntu horretara iritsi ginenean, Erakundea bakarrik gelditu zen, eredu horrek euskal herritarrak eta eragileak ikusle izatera bultzatzen baitzituen.

Aieteko eredua oso egokia zen negoziazioari ekiteko, baina tresna gutxi eskaintzen zituen estatuen ezezkoari erantzuteko. Aietek euskal herritarren aldekotasuna zuen, eta babes esanguratsuak nazioartean. Baina, horiek prozesurako aktibo bilaka zitezen, Aieterekin bat egiten zuten Euskal Herriko indar politikoen adostasuna eta bultzada ezinbestekoak ziren. Hortik sor zitekeen estatuak mugiarazteko indarra. Saiatu zen, baina EAJ-PNVk ez zuen nahi izan. Ez zuen ezker abertzalearekin elkarlanik nahi eta, are gutxiago, estatuekin talka egiterik. Ipar Euskal Herrian, bestela gertatu zen, eta indar politikoen artean oso dinamika aberasgarri eta emankorra gauzatu da urteotan. 

Armagabetzeari buruz aipamen bat egin behar da. Azaldu denez, garai hartan, estatuen eta Erakundearen  arteko akordioaren ondorioz gauzatuko zela irudikatzen zen. Erakundeak ere halaxe ulertzen zuen, eta, borroka armatuaren bukaera iragarri eta gero, armagabetzea zen beste elkarrizketa-gaietan eragiteko izan zezakeen aukera bakarretakoa. Beste aldeari eskaintzen ahal zion lorpena, bere urratsak argudiatzen laguntzeko. Hortaz, armek bazuten garrantzia Erakundearentzat, baina oraingoan ez gerra egiteko, bake egonkorra eraikitzeko baizik.

Ikuspegi horretatik, prozesua berpizteko, Erakundeak proposamen zehatza egin zion Frantziako Gobernuari. Arma kopuru esanguratsu bat deuseztatzea eskaini zion, bururaino joateko prest zegoela erakusteko, Frantziako Gobernuak, ondoren, Erakundearekin elkarrizketak zabaltzeko konpromisoa hartzen baldin bazuen. Ez zen akordiorik eskatzen, ezta elkarrizketa horien abiatzea publiko egitea ere. Asmo bakarra konponbidearen aukera elikatzea zen. Proposamenak eztabaida piztu zuen Frantziako Gobernuan, eta haren sendotasuna aitortu zioten Erakundeari. Baina ezetz esan zioten. Frantziak ez zuen Espainiaren estrategiatik aldendu nahi izan.

Azken saiakera horren ondoren, agortutzat eman zen aldebiko negoziazioak zabaltzeko aukera, eta negoziazio gunea 2013. urtearen hasieran desegin zen.

- Ordurako, konponbide ordenatu baten aukera krisi betean zegoen. Nazioarteko Egiaztatze Batzordea izan ezik, konponbidea ahalbidetzeko eraikitako gehiena indargabetzea lortu zuten estatuek. Eta estatuen erantzunen esperoan egoteak blokeoa errotu eta etsipena areagotzea besterik ez zekarren. Argi zegoen konponbidea egongo bazen begirada Euskal Herrian pausatu behar zela, prozesua Euskal Herritik eta Euskal Herriari begira elikatu behar zela. Estatuen urrats batzuk ezinbestekoak ziren arren, horiek eskuratzeko ere herri bezala jokatu beharra zegoela.

Testuinguru horretan, estatuen jarrera eta euskal alderdien arteko liskarrak ikusita, jendarte zibilak hartu zuen iniziatiba, Bake Bidearen eta Foro Sozialaren eskutik. Nazioarteko adituen ekarpenak bilduz, 12 gomendioen proposamena aurkeztu zioten euskal jendarteari. Bi helburu zituen: euskal eragileen arteko akordioak erraztea eta ondorioen konponbidean urratsak egiten hastea. Erakundeak eta EPPK-k elkarlanerako borondatea agertu zuten hortik gutxira, eta gomendioak dinamizatzeko ardura zuen Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea sortu zen.

Azkenean, une hartan, Foro Sozialaren dinamikak ez zuen espero zen dimentsioa hartu, EAJ-PNVk distantzia markatu zuelako. Ordurako, Ajuria Enean zegoen, eta ez zuen protagonismoa partekatu nahi. Gainera, ezker abertzalea isolatu nahi zuen, konponbiderako eremurik gabe utzita, EAJ-PNVren menpeko izan zedin. Bitartean, bere kritika guztien helburu zen, ezker abertzalea blokeoaren errudun bilakatuta. EAJ-PNVren jokabideak estatuen estrategia osagarri du.

Nolanahi ere, Foro Sozialaren eskemak jarraitu beharreko bidea finkatuta utzi zuen: gatazkaren ondorioen agenda estatuen eta Erakundearen arteko negoziazio mahaitik atera eta euskal jendartera eraman zuen; jendarte zibilari eman zion protagonismoa; akordioak Euskal Herrian bilatu behar direla nabarmendu zuen; eta, akordio oso baten zain egon gabe, ahal zen arloetan aurrera egitea proposatu zuen, konponbidearen logika nagusitu zedin.

Erakundeak, bestalde, iniziatiba hartu, eta bere armategien zigilatzea adostu zuen Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin. Urrats horrekin agertoki politikoa astindu nahi zuen. Batetik, Foro Sozialaren dinamika elikatu nahi zuen, modu praktiko batez. Bestetik, EAJ-PNVren eta Gasteizko Gobernuaren jokabidea baldintzatu nahi zuen, armagabetzearen blokeoa ezker abertzalea higatzeko eta preso politikoen egoeraren premia ezkutatzeko erabiltzen ari baitzen. Eta, azkenik, estatuen estrategia agerian utzi nahi zuen, beren erasoak Erakundearen kontra ez, konponbidearen eta arrazoiaren kontra zirela nabarmentzeko.

Armategien zigilatzea, armagabetzearen hasiera izateaz gain, Luhuso-Baionako ekimenaren aurrekaria izan zen. Bai Erakundeak bai Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak konpromiso handia erakutsi zuten, prozesuari estatuen oniritzi eta bermerik gabe ekiteko arriskua hartu baitzuten. Dena Euskal Herriaren eta konponbidearen mesedetan. Horrela, halako jarrera ezkorra zuten estatuen autoritatea kolokan jarri zen, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak deklaratzera deitu zituen. 

Espainiak Erakundearen armategien zigilatzea galaraztera bidali zuen Guardia Zibila (Kataluniako hauteslekuak zigilatzera bidali duen bera), eta hilabetetan zehar zenbait polizia operazio egin zituen Euskal Herrian, Erakundeko kideak eta prozesuan laguntzen ari ziren herritarrak atxilotuz eta zigilatutako armamentua atxikiz.    

Eraso horiek erakusten dute Espainiako Estatuak ez duela konfrontazio armatuaren bukaera bilatzen. Ez adostua, ez aldebakarrekoa. Bilatzen zuena Erakundearen porrotaren irudia zen, garaituen eta garaileen irudia, horrela askapen mugimenduaren etorkizuna baldintzatuko zuelakoan. Eta jarduera armatua indarrean zegoen garaian lortu ez zuen garaipena irudikatu nahi zuen behin borroka armatua utzita. 

Eraso horiek prozesua zaildu eta atzeratu zuten. Baina, era berean, aurrera egiteko konpromiso berriak berpiztu zituzten. Polizia operazioek protesta ekimen jendetsuak eragin zituzten, eta gero eta sektore gehiagok jartzen zuten auzitan estatuen autoritatea. Oso adierazgarria da, esaterako, Ortzaizeko polizia operazioaren ondotik «nire etxeko ateak irekiak dituzue» lelopean zabaldu zen herri ekimena.

- Horrela iritsi ginen Luhuso-Baionako ekimenaren atarira. Erakundeak, hausnarketa egin, eta zera ondorioztatu zuen: 1) armagabetzea jada ez dela balizko negoziazio batean trukerako moneta izango eta, neurri batean, jendarte zibilak hartu duela gatazkaren ondorioak gainditzearen ardura bere gain; 2) Estatuaren estrategia armagabetzea ezinezko bilakatzea dela, Erakundea bere erabaki estrategikoa bururaino eraman ezinean uztea, alegia, aurreko fasearen irudia behin eta berriz proiektatzeko. Egoera horretan armagabetzea gauzatzeko baldintza egokiagoen zain egon beharrean, armagabetzea gauzatuz baldintza berriak sortzen ahalegintzea erabaki zuen.

Bakearen artisauen proposamenak lehen ekimena gauzatzeko aukera eskaini zuen, eta gerora guztiz armagabetzea bilatzen zuen. Luhusoko polizia operazioak asmoa zapuztu zuen arren, babes eta elkartasun olatu zabala altxarazi zuen. Horrek armagabetze osoa azkartu eta gauzatzeko aukera eskaini zuen, bakearen artisauen ereduari jarraituz konpromisoak eta elkarlanerako aukerak ugaldu baitziren.

Baionako ekimenak hiru lorpen utzi ditu:

- Herriaren indarra erakutsi du: herriaren borondatea estatuen asmo zitalei gailentzea lortu da.

- Herria kohesionatu du: instituzioak, jendarte zibila eta herritarrak batera aritu dira.

- Aurrera egiten jarraitzeko aukera eskaini du. Erronka bat itxi datozen erronkei ekiteko, lehen baino erabakitasun eta zilegitasun handiagoarekin.

Eta, horrela, Erakundeak Euskal Herriko jendarte zibilaren esku utzi zituen armak, eta ziklo historiko oso bat itxi. Herriaren defentsan eskutan hartu behar izan zituen armak herriari itzuli baitzizkion, bakearen eta askatasunaren bidean aurrera egiten jarrai zezan».