Iraia OIARZABAL
DONOSTIA

Posible dela sinisteko garaia

Erronka handia ezarri du gaurko Gure Esku Dagok, Donostia, Bilbo eta Gasteiz arteko 201,9 kilometro giza kate batean batzeko asmoarekin. Aurrekariek erakusten dute, ordea, dinamika herritarrak jendea mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi duela 2013an sortu zenetik. Durango eta Iruñe arteko hezur eta haragizko lehen kate hark 150.000 lagun elkartu zituen eta ordutik herritarrak erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenera ekartzeko helburuari eutsi diote.

2013a zen Gure Esku Dago dinamika publikoki aurkeztu zenean. Ez zetorren hutsetik, aurretik Nazioen Mundua ekimena ernaldu zen Goierriko eskualdean eta urteak zeramatzan inurri lanean. Kultura politiko berri bat hedatzea zuen xede, ezberdinen arteko elkargune bihurtzekoa, eta modu diskretuan aritu ziren hasieran. Gerora entzun izan diegu lehen urrats haiek egin zituztenei orduan inor gutxik zuela konfiantza erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida gizarteratzeko aukeran, baina ez zuten etsi.

Horrela jaio zen GED, herriz herri eta sektore anitzetara zabalik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko asmoz. 2010ean Donostian Nazioen Mundua ekimenaren baitan egindako agerraldi batean esana zuen Anjel Oiarbidek, orain GEDeko bozeramaileak: «Autodeterminazioa gai garrantzitsuegia da politikarien esku bakarrik uzteko». Lau urte geroago, 2014ko ekainean, erakutsi zuen dinamikak milaka lagun erabakitzeko eskubidearen alde mobilizatzeko gai zela. 150.000 pertsona batu ziren Durango eta Iruñe arteko giza katean, hiru printzipio nagusiren baitan: Herri bat gara. Erabakitzeko eskubidea dugu. Herritarron garaia da.

Lehen erronka gaindituta, lanean jarraitzeko borondatea zuela adierazi zuen. Urtez urte, milaka emakume eta gizonek osatutako sarea sendotu dute eta mobilizazio jendetsuak gauzatu dituzte. Katalunia eta Eskozia bereziki presente izan dituzte beti, kasu bakoitzak dituen berezitasunetatik borroka berberak batzen dituela jakinik. 2014ko azaroan 10.000 lagunek mosaiko bat osatu zuten Donostiako Zurriola hondartzan bi herriei babesa adieraziz.

2015ean, borondateak josteko helburuz, Donostia, Bilbo, Gasteiz, Baiona eta Iruñean hautetsontziak irudikatu zituzten oihalekin. Erabakiaren aroa zabaldu nahi zuten eta herriz herri kontsultak egiteari ekin zioten. Dagoeneko 190.000 pertsona inguruk hartu dute parte horietan.

2017an, Bilbon irudikatutako galdera ikurrarekin erabakitzeko prest gaudela aldarrikatu zuten eta atzotik erabakitzeko arrazoiak ezagunak dira. Gaur, Gasteizko Legebiltzarrera eramango dituzte. Erabakitzeko eskubidea oinarri demokratiko bat den heinean, sentsibilitate politiko ezberdinek hura defendatzeko prest behar dutela defendatu du GEDek, beti modu alaian eta parte hartzea bilatuz. Beraiek dioten moduan, elkarrekin posible dela sinisteko unea da.