Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
IñAKI ARTOLA
ASEGARCEKO AURRELARIA

«Azkenaldian jaso dudan lezioetako bat da beti prest egon behar dela»

Nahi lukeena baino gorabehera handiagoko urtea izan da azkenekoa Iñaki Artolarentzat. Lesioak, enpresaren partetik konfiantza galera, porrotak... txarretik asko izan du, baina azkenaldian egoerari buelta ematea lortu du alegiarrak eta Gasteiz eta Zarauzko torneoetan titular gisa arituko da.

Ez du ezkutatzen kide baten gaixotasunak, Mikel Urrutikoetxearen mononukleosiak, mesede egin diola enpresaren aldetik Gasteizko eta Zarauzko torneoak jokatzeko aukera jasotzerako orduan. Baina, era berean, gauzak ondo egin izanaren konfiantza ere badu Iñaki Artolak. Fokuen aurrean, kantxan, erakustea falta du orain.

Gasteiz eta Zarautzen, titular. Heldu dira aukerak azkenean.

Bai, azkenaldian esaten ari naizen bezala, gutxien espero duzunean etortzen dira askotan aukerak. Esan beharra dago Urrutikoetxearen gaixotasun horrek ireki dizkidala niri ateak eta ea aprobetxatzen dugun. Izan ere, bestela, dagoen konpetentziarekin, oso zaila da partida handi hauek jokatzea. Aukera hauek etorri zaizkit azkenean eta ilusio handiarekin nago. Orain udan partida guztiak izaten dira bereziak, baina txapelketakoak direnak gorriz markatzen dituzu egutegian.

Urrutikoetxearen gaixotasuna aipatu duzu eta hori hor dago. Baina zuk ere egingo zenuen zerbait ondo, ezta?

Hori da, bai; nik neuk baietz uste dut. Ni behintzat gustura ari naiz jokatzen, gustura ari naiz kantxan, emaitzak ere nahiko onak izaten ari dira, eta, enpresak nire alde apustu egiteko, pentsatzen dut hori guztia ikusiko zuela. Azkenaldian partidak aurrera ateratzen ari gara, gero eta hobeto sentitzen naiz jokoz, eta, normalean, gero eta partida gehiago jokatu, horrek berak ere ematen du jokoa askotan.

Konpetentzia aipatu duzu. Kudeatzen ere jakin behar, onerako eta txarrerako izan daiteke-eta...

Arrazoi duzu, ez baita erraza esaten onerako edo txarrerako den... Momentuan eman lezake txarrerako dela aukera bat edo bi galtzen dituzulako, baina, luzarora begira, ez dago jakiterik. Konpetentzia horrek azkenean gehiago entrenatzera eramaten zaitu, momentu betean ere ez erlaxatzera, eta, gure joko mailarentzat, epe luzera begira, akaso ez da txarra izango.

Prest egon behar dela, alegia.

Jaso dudan lezioetako bat hori da, beti prest egon beharra dagoela, ez baitago jakiterik noiz helduko zaizkizun aukerak. Batere ez izatetik, puzzlearen pieza bat aldatu eta asko izatera pasatzen zara, edo alderantziz… Gure zeregina da ahalik eta ondoen egoten saiatzea beti, epe luzera begiratzea motzera baino gehiago, hobetzen saiatzea izatea buruan... Izan ere, aukerak joaten diren bezala etortzen dira.

Orain aukerak heldu dira berriro. Faltan izan dituzunean, buelta asko eman al dizkiozu buruari?

Bai, hala ere, nik uste, kirolari bezala ni gehien kezkatu izan nauena, eta pentsatzen dut besteak ere bai, zure burua jokorik gabe edo ezinean ikustea da; benetako kezkatzeko arrazoiak horrek ematen dizkizu. Zu, aldiz, gustura entrenatzen ari bazara, jokatutako partidak gozatzen ari bazara, nahiz eta txapelketako aukerarik ez izan... Zure esku ez dagoen gauza bat da hori eta, ni behintzat, horrek ez nau hainbeste arduratu izan. Badaramat bolada luze xamarra kantxan nahiko gustura sentitzen eta saiatu naiz gainontzeko gauzei, bai txarrerako eta bai onerako, orain hau etorri den bezala, garrantzi handirik ez ematen eta erabat jokoaz arduratzen.

Binakako Txapelketatik kanpo geratzea izan al zen unerik gogorrena?

Egia esan, hori izan daiteke adibide on bat. Ni orduan ere ez nintzen jokoz gaizki sentitzen, aukera bat galtzen duzunean beti pena hartzen duzu, baina, esan nahi dizudana da larritzekoagoa dela niretzat, aukerak izanagatik, jokoz ondo ez sentitzea. Hala zaudenean, aukerak izanagatik, badakizu ez zarela urrutira helduko. Aldiz, jokoarekin zaudenean, badakizu lehentxeago edo geroxeago erantzungo duzula. Ni neu saiatu naiz azkenaldian, eta aurrerantzean ere horretan saiatu beharko, erabat jokoaz eta entrenamenduez arduratzen, aukerak ez daude-eta bakarrik zure esku...