NAIZ
DONOSTIA

Altsasuko gazteak gogoan ekin diote Piratek Aste Nagusiari

Altsasuko gurasoak izan dira aurten Matti, Donostiako Piraten Aste Nagusiari hasiera ematen dion suziria botatzen duen pertsonaia. Elkartasunak hartu du kaia. 

Bel Pozueta eta Matti, Aste Nagusi Pirataren hasieran. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Bel Pozueta eta Matti, Aste Nagusi Pirataren hasieran. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Donostiako Kaiko Flamenka gunea elkartasunez bete da Aste Nagusi Pirataren hasieran. Aurtengoan, Altsasuko gurasoak izan dira festari hasiera eman dion suziria piztu dutenak eta harrera beroa egin diete kofradietako kideek. 

Gazteetako baten ama den Bel Pozueta buru zela, ‘Altsasukoak askatu!’ oihu eta txalo artean hartu dituzte gurasoak Flamenka gunean. 

Ondoren, Altsasuko gurasoak eszenatoki gainean zeudela, musikari eta bertsolari ezagunek abesten duten ‘Aurrera Altsasu’ doinu ezaguna abestu du bertan bildutako jendetzak. 

Keinu honekin, Altsasuko gazteei eta haien senideei elkartasun osoa adierazi nahi izan dietela azaldu zuten Piratek, oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz.

«Donostiako itsasoaren kresala ehunka kilometrotara dauden gazteengana iristea» espero zutela nabarmendu zuten. 

Ezkila kapitaina

Txupinazioa botatzeaz arduratu den Matti pertsonaiaz gain, Piraten Aste Nagusiaren ikur ere baden Ezkila Kapitainaren rola Kalepoza kofradiak hartu du aurten, mugimendu osoak bultzatzen dituen baloreen adierazle.

Kale Lagunak hockey taldearen inguruan dabiltzan zenbait kuadrillek osatzen duten kofradia honek kolore biziz jantzi nahi du Alde Zaharra eta jaietan lotsa eta penak alde batera utzi eta gozatzeko deia egin nahi dute.

Piraten esanetan, gizartearen parte-hartzea, euskararen zabalpena eta feminismoa bezalako baloreekin bat egiten dutelako sortu zuten kofradia.