GARA
IRUÑEA

Landabengo Volkswageneko langileak kezkatuta zortzi eguneko itxialdiagatik

Sindikatuak eta zuzendaritza asteartean bildu ziren negoziazio mahaia eratu eta 15 eguneko kontsulta epea irekitzeko. Batzordeak zehaztasun gehiago eskatuko dizkio konpainiari, lan erregulazioa aplikatzeko erabakiaren sakontasuna ebaluatu eta akordio batera iristeko.

Coches modelo Polo en el exterior de la fábrica de Landaben.(Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Coches modelo Polo en el exterior de la fábrica de Landaben.(Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Volkswagen enpresako langileak kezkatuta agertu dira zuzendaritzak zortzi eguneko enplegua erregulatzeko espedientea ezartzeko asmoa agertu duelako. Astelehenean enpresa batzordeari jakinarazi ziotenez, irailaren 3tik 9rako astean bost egunez itxi nahi dute fabrika. Gainontzeko hiru egunak, berriz, zehazteke daude oraindik.

Egunotan sindikatuek eta zuzendaritzak bilera bat izango dute, enplegua erregulatzeko espedientearen baldintzak zehazte aldera. Zuzendaritzak produkzio arazo bat alegatu du, izan ere, homologazioetan atzerapenak egon direla-eta, ez dute motorrik lanean jarraitzeko.

Enpresa batzordeko lehendakari Alfredo Moralesek (UGT) nabarmendu duenez, zuzendaritzak konkretatu egin behar ditu erregulazioa aplikatzearen arrazoiak eta ondorioak: «Asteleheneko berriak nahiko anbiguoak izan ziren. Etenaldiaren ezaugarri zehatzak ezagutzea ezinbestekoa dugu diagnostiko bat egin eta ondoren akordio batera iritsi ahal izateko». Langileak kezkatuta daudela gaineratu du Moralesek, ez baitute argi produkzio etenaldia zenbaterainokoa izango den. Horregatik, lehenik eta behin hori argitzea eskatu du. Hori bai, espendientea, enpresak esan bezala, zortzi egunekoa bakarrik izatea espero du langile batzordeko lehendakariak: «Horrela izanez gero, ekoizpen programan parentesi bat besterik ez litzateke, eta gero errekuperatu egingo genuke. Baina horrela izan ezean, kezka areagotu egingo da».

 

Negoziazio mahaia

Sindikatuak eta zuzendaritza asteartean bildu ziren negoziazio mahaia eratzeko. Horrekin, hamabost eguneko kontsulta epea ireki dute.

Nafarroako Gobernua bera ere zehaztasunak jaso zain da. Hori horrela, «errespetua» eskatu die zuzendaritzari zein langileei.