
Bilboko Aste Nagusiko azken-aurreko eguna baliatu zuen atzo mugimendu animalistak bere mezua plazaratzeko. Zezenketen Aurkako eta Animalien Aldeko Bizkaiko Elkarteak deituta, 200 bat lagun batu ziren Ametzola plazan “Tradizio bortitzek Bilbo odol errugabez zikintzen dute” lelopean. Bertan, Vista Alegre zezen plazara sartzen zen jendearekin egin zuten topo. Ez hori bakarrik, tentsio momentuak ere bizi izan ziren.
Animalistek zezenketa zaleei “Lotsa!” edo “Hemen torturatzen da” bezalako leloak oihukatu zizkieten. Baita gaztelerazko “¡Toreros y taurinos, os quedan cuatro vinos!” esaldi gatzdunagoa ere. Zezenketaren ordua gerturatu ahala, animalistak eta zezenzaleak gerturatzen joan ziren, elkarren arteko tentsio momenturen bat ere eskainiz, Ertzaintzak bi aldeak banatu zituen arte.
Behin zezenketa hasita –aurreko urteetan bezala hutsik egon da zezen plazaren erdia jai guztietan zehar–, manifestariek Moyua plazarainoko bidea hartu zuten. Bertan bukatu zuten mobilizazioa, jaietan hildako 54 zezenei omenaldia eskainiz. Irakurritako manifestuan, berriz, «zezen festa guztien abolizioa, salbuespenik gabe», aldarrikatu zuten. «Maila sozial eta politikoan tauromakiaren inguruko eztabaida serio bat egiteko unea da» animalisten aburuz, izan ere, zezen-zaletasuna «bere historiako momenturik txarrenean dago». Moyua plazan irakurri zuten testuan nabarmendu zutenez, «hiritarren gehiengoak eskatzen du gizarte justu bat, animalien tratu txarrekin eta oinazearekin enpatikoagoa».
Gaia bidegurutzean dela ere gogoratu zuten animalistek, Chopera enpresaren udal kontzesioa aurten amaitzen baita: «Beste agertoki bat dugu ate joka, eta Bilboko Udalak baliabide ekonomikoak ahalik eta ondoen kudeatu behar ditu. Horretarako, administrazio publikoak gizartearentzat onuragarriak diren baldintzak bermatu behar ditu lehiaketa publikoan».

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Euskal Estatuaren oinarriak jartzeari ekin dio Sortuk, egitekoa eta zuzendaritza eraberrituz

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo
