Maite UBIRIA
Maule

Ardiek postalak igorriz eskertuko dizuete Zuberoako gaztagileei emandako laguntza

Etxe Gazna kooperatibako kideek crowdfunding kanpaina abiatu berri dute, beren gaztandegia berritzeko lanak diruztatzeko. 48.000 euro behar dituzte bildu eta, azaldu dutenez, ardiek beraiek parte hartuko dute ekimenean, ekarpenak eskertzeko, hain zuzen.

Zalgize-Donezteben kokaturik, 80 etxalde biltzen ditu Etxe Gazna kooperatibak. Bertan, hazleek ekoitzitako gaztak lehortzeko zerbitzua eskaintzen dute, bai etxeko kontsumorako eta bai salmentarako mozkinak atxikitzeko gunea proposatuz. Gaztandegia txiki eta batez ere zaharkituta gelditu dela konturatuta, tresneria berritu eta lokalak zabaltzeko xedez, Etxe Gazna-ko bazkideek egitasmoa martxan eman zuten agorril hasieran. Gaztandegiak lurralde osoari begira duen garrantziaz jabetu daitezen harremanak abiatu dituzte hainbat erakunderekin eta herritarren sostengua bildu nahian crowdfunding kanpaina egingo dute irailaren bukaera bitartean.

Atharratzeko Gazna Feira baliatu zuten gaztagileek beren proiektua jendeari ezagutarazteko. 1985ean zazpi laborariren bultzadapean sorturiko kooperatibak hegalak behar ditu zabaldu, zorionez. Etxe Gazna-k zailtasunak ditu gaur egun hazleen eskaerari erantzuteko. Bere lokaletan kalitatezko zerbitzuak proposatzen ditu, baina hobekuntzen premia handia du.

Bettan Hoki laborari eta gaztagileak azaldu duenez, bereziki gaztagile gazteen eskaera dezente handitu da azkenaldian eta ezin dituzte horien beharrak behar bezala ase. Gaztandegian sala edo gela bat daukate etxaldeetatik zuzenean heldutako gaztak lehortzeko eta zahartzeko zerbitzua emateko. Kooperatibako beste gune batean, salmentarako ekoizpenak tratatu eta gorde egiten dituzte. Bigarren zerbitzu hori bermatzeko bidean berrikuntzak behar dituztela egin nabarmendu du Hokik.

Etxeko kontsumorako ekoitziriko gaztak gordetzeko aretoan 3.500 kilo gordetzen dituzte. Gazta ontzeko gelan, bestalde, hogei bat etxaldetan ekoitzitako 12 tona. Toki falta nabarmena da. Lokala handituz 12 tona gehiago gordetzeko lekua irabazi nahi du kooperatibak. Horrez gain, gaztagileek Zuberoatik harago merkatu berriak behar dituzte landu beren diru sarrerak nahi badituzte iraunkortu. Horri begira, halaber, «gaztandegiak zerbitzuen aldetik beste erantzun batzuk eman behar dizkiela» uste du Hokik, betiere mozkinen kalitatea hobetze aldera.

Duela bi urte mahai gainean ezarri zuten gaztandegia berritzeko egitasmoa. Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) eta Ossau-Iraty sor-markaren aholkularitzapean, proiektua mamitu dute geroztik.

Hokik aletu ditu zeintzuk diren bete nahi dituzten beharrak: «Inbestimendu handi bat egin nahi dugu; lehenik, oraingo gaztandegia berritzeko; bigarrenik, saltzeko diren gasnak zahartzeko sala handitzeko, gaur egun eskaera batzuk behar ditugulako errefusatu; eta azkenik, tresneria eta sala berria muntatu ahal izateko gasna zahartzeaz gain salmentari begira behar diren bestelako prozesuak hobeki bermatzeko».

Lan baldintzak eta tresneria

Lan baldintzak hobetuz kooperatibaren jarduera iraunaraztea litzateke asmo nagusia. EHLGko ordezkariek azaldu dutenez, proiektuak Zuberoako gazta ekoizpenaren emendatzeari lagunduko dio bertako gazta-ontze gaitasuna hobetuz eta goitituz.

Kooperatibako lagunek argi daukate geroari begira ezinbestekoa dutela gazta salmenta sustatzeko «gune kolektibo sendo bat, aktibitate berriei egokitutako egoitza».

Zerbitzu berrien garapena ere proiektuaren barne sartzen da. Horrez gain, laborantza herrikoian orain arte erabili izan ez den hozkailu sistema hezeago baten bidez gaztaren zahartze prozesua luzatu ahalko dute, «era horretan, 12 eta 15 hilabeteko gasnak hornituz». Finean, «gasnaren gustu eta ñabardurak garatzeko» ingurumen egokia sortu nahi dute berrikuntza horren bidez.

Gazta zahartzeko hein ertaineko instalazio bat eskainiz, kooperatiba lurraldeko egituratze tresna bat izango dela zalantzarik ez dute Etxe Gazna-ko lagunek. Lantegi berriak funtzio ezberdinak betetzeko gai izango baita: mintegia izango da hazle gazteentzat, etxaldeek gazta egiteko orduan egun dituzten hutsuneak betetzea ahalbidetuko du eta, gisa horretan, «gasna egiteko ohitura betikotzen lagunduko du», hala nola gaztaren eraldaketa mendian bertan egiteko ohituraren jarraipena sustatuz. Jakin behar da kooperatibako kideen artean badirela hamar bat artzain oraindik ere sasoia heltzen denean ardi esnearen eraldaketa mendiko etxoletan egiten dutenak.

Gotainen 1985ean sortu eta 1992az geroztik Zalgize-Donezteben garatu den kooperatibak geroa irabazteko parioa egin du, eta horrendako bortutik Interneteko eremurat jauzi egin berri du arnasa berriaren bila.

 

Crowdfunding kanpaina abian da, Zeste.coop webgunean

Zeste.coop-en abian duten kanpainaren bidez 48.000 euro biltzea espero dute Etxe Gazna-ko bazkideek. Erronkari umorez heldu diote. Hala, ekarpenen truke opariak asmatu dituzte. Horra xehetasunak: 10 euroko ekarpena egiten dutenei «bihotzez» eskertuko diete; 25 eurokoa bada, «ardiak, potret eta guzti, igorritako esker oneko postala» jasoko dute emaileek. Hortik gora, ekarpenen arabera, gaztandegia bisitatu, artalde gibelean joan-jinak egin, etxaldekoen bizimodua ezagutu eta, finean, 400etik gorako ekarpenen kasuan, artzain batekin egun pasa egin eta, agian, etxolan gazta egiteko aukera izanen dute egitasmoaren e-laguntzaileek. M.U.