GARA
BAIONA

Bake artisauei badaezpadako neurriak kendu dizkiete

2016an Jean Noel Etcheverry «Txetx», Beatrice Molle-Haran, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan –2017an hil zena– eta Stephane Etchegaray atxilotu zituzten, ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik. Orain kendu dizkiete badaezpadako neurriak.

2016ko abenduaren 17an ETA armagabetzeko prozesuan parte hartzeko eta armak suntsitzeko prest zeuden bost lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak Luhuson, Lapurdin.

Hiru egun igarota, Jean Noel Etcheverry Txetx Bizi mugimenduko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria, Mixel Bergouignan enpresaria –joan den urtean hil zena– eta Stephane Etchegaray Etxe musikaria aske utzi zituen epaileak, badaezpadako neurriak ezarrita.

Horien arabera, ezin zuten frantziar Estatutik atera eta instrukzioak irauten zuen bitartean ezingo zuten elkarren artean harremanik izan. Martxoan lehengo neurria kendu zien epaileak, eta orain baztertu du beste auzipetuekin elkartzearena.

Mediabask-ek atzo azaldu zuenez, auzipetuek, “bake artisau” deiturikoek, uztailaren 19an deklaratu zuten Parisen epailearen aurrean. Honek abuztuaren hasieran erabaki zuen orain arte mantendu diren badaezpadako neurriak kentzea.

«Armak eta lehergailuak gorde eta eraman ditugula leporatu digute, baina gaur egun jakina da guk egin genuenak armagabetzea posible egin zuela. Aurrera egin ahal izateko baldintzak sortu ziren», nabarmendu zuen Etcheverryk.

Orain, beren kontra indarrean den akusazioarekin zer gertatuko den zain daude. Ez dakite zein izango den instrukzioko epailearen erabakia, ahozko epaiketa bat irekiko duen edo prozesua amaitutzat joko duen.

Bake artisauak atxilotu zituztenean elkartasun mezu ugari jaso zituzten. Izan ere, atxilotuek, gizarte zibileko kide gisa, beren prestasuna agertu zuten ETAren armagabetze prozesua aurrera eramaten laguntzeko, eta beren lana ezinbestekoa izan da armagabetze hori bururaino eramateko eta, bide batez, ETAren zikloa isten hasteko.