Maider IANTZI

Elkarlanean, feminismoa handitzen ari da bestetan

Jaietako kanpaina feministen balantze positiboa egin digute bai eredu bilakatu den Iruñeko Udalak bai Beldur Barikek, nahiz eta oraindik lan handia gelditzen den berdintasuna lortzeko. Gazteei tresnak emateko lanean ari dira.

Idoia ZABALETA / FOKU
Idoia ZABALETA / FOKU

Bestetako kanpaina eta protokolo feministen balantzea egiteko Zaloa Basabe Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikariarengana jo dugu lehenbizi, Nafarroako hiriburuan Udala eta mugimendu feminista elkarlanean egiten ari diren lana eredu bihurtu delako. Kontatu digunez, interesa piztu da eta Europatik etorritako hedabideek aipatu diete eurentzat harritzekoa dela ipurdia ukitzeak protokoloa aktibatzea eta atxiloketak gertatzea horrekin lotuta. Jarrera irmoa hartu du hiriak: 'Iruñea Eraso Sexistarik Gabe Aske', banatu dituzten 40.000 esku orrietan jartzen duen gisan (iaz 26.000 izan ziren). «Sanferminetako uniformea oso estandarizatua dago eta azken urteetan beste elementu bat gehitu da. Horrek erakusten du herritarrek gogoa dutela eragile aktibo izateko borroka honetan», adierazi du Basabek.


Barañaingo San Pedro jaiak. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Zenbakiei begiratuz, uztailetik Alkatetzaren parte den Berdintasun taldeak joera positiboa ikusten du: «Sei salaketa jaso ditugu, guztiak ukitzeengatik, eta horietatik bostetan atxiloketak egon dira (iaz hamabi salaketa jaso genituen ukitzeengatik). Aurten ez dugu salaketa bat ere jaso sexu erasoengatik (2017an bi jaso genituen eta 2016an bost)».

Gainera, «oso giro onean joan dira jaiak. Emakumeen partehartzea handitu egin da hainbat ekintzatan eta hori oso adierazle ona da berdintasunaren ikuspegitik ». Kontuan hartu behar da aurten mugimendu feministak izan duen indarberritzea. Horren adierazle dira greba feminista eta 2016ko sanferminetan gertatutako eraso mediatiko horren epaiaren aurrean egon diren mobilizazio masiboak. «Zoriontzekoa da feminismoak hirian hartu duen zentralitatea. Hori kanpainan jaso dugu».


Iruñeko sanferminetan, esku gorria eta zapi morea soinean. (Idoia ZABALETA / FOKU)

«Jendeak txipa aldatu du»

Gaztelu plazako informazio puntutik 14.600 lagun pasatu dira (iaz 16.000). Batez ere pina hartzera hurbildu da jendea, edo informazio eske, bereziki neska gazteak, jakiteko zer egin behar zuten eraso bat jasaten bazuten edo ikusten bazuten. 25 jazoeraren berri izan dute. «Jendeak txipa aldatu du. Sentsibilizazio maila handitu da eta gaur egun emakumeen askatasunaren kontrako adierazpen gisa identifikatzen da edozein eraso », txalotu du Basabek.

Urtarril aldera hasten dira prebentzio kanpaina diseinatzen. Ez du Berdintasun taldeak soilik egiten. Badago San Fermin Berdintasunean izeneko lantalde bat eta bertan Udaleko teknikariak daude, baita mugimendu feministaren eta herri mugimenduaren ordezkariak ere. Elkarlan hori kanpainaren diseinutik bertatik hasten da eta ezarritako protokoloetan islatzen da.

Hiru protokolo jarri dituzte martxan. Alde batetik, herritarren segurtasunaren alorrak esku- hartze poliziala egiten du. Bestetik, laguntzeko protokoloa dago. Berdintasun taldeak eramaten duen protokoloak, instituzioen erantzunarenak, hirurak koordinatzen ditu erantzuna emateko unean. Emakume batek eraso baten berri ematen duenean 24 orduz guardian dauden bi gizarte langilek dauden baliabideak eskaintzen dituzte: laguntza psikologikoa, juridikoa, ospitalera hurbiltzea, pisu batera edo etxera eramatea… Beti emakumeak behar edo nahi duena errespetatuz. Bi printzipiotan oinarritzen dira: emakumea berriz biktima ez bihurtzea eta erabat babestea.

Mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioekin bat egin eta herritarrak gonbidatzen ditu Udalak.

Datu guztiak bildu

«Mugimendu feministak bere telefono propioa du eta egunero Berdintasun teknikariei pasatzen diegu jasotako deien berri. Informazio puntuan daudenek ere gauero pasatzen dizkigute datuak. Eta datu horiekin guztiekin goizero jarraipen batzorde batera joaten gara. Bertan Segurtasun sailekoek eta Ekintza Sozialeko sailekoek mahai gainean jartzen dituzte beren datuak, ospitale edo komisaldegietatik jaso dituztenak. Horrekin egun horretan gertatu diren gauzen argazki errealagoa daukagu », esplikatu du teknikariak.

Iruñeko Udalak 22.000 gida kaleratu ditu eta pantaila handietan bideoak proiektatu ditu. Emakumeak agertzen dira horietan jaian ongi pasatzen eta beldurrik gabe gozatzen.

«Oraindik lan asko dago egiteko, baina norabide onean goazela uste dugu, batez ere elkarlanean eta urtean zehar sentsibilizatuz, erasoak ez baitira soilik sanferminetan eta Iruñean gertatzen», azpimarratu du Zaloa Basabek. Bere iritziz, ahalegin handiagoa egin behar da emakumeen kontrako indarkeria mota guztiak kontuan hartzeko. Honekin lotuta, urrian nazioarteko kongresu bat eginen dute Iruñean.

Beldur barik

«Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da gazteriari tresnak ematea, berdintasunean oinarritzen diren jarrerak eta horretan oinarritzen ez direnak ezberdintzeko, zoritxarrez, ezingo dugulako mundu hau egun batetik bestera aldatu eta gazteei mota hauetako egoerak suertatuko zaizkielako. Horregatik, gakoa da egoki jokatzen jakitea». Hala adierazi du Beldur Barik-eko idazkaritza teknikoak jaietako kanpaina baloratzerakoan.

Beldur Barik 2009an Emakunde, Eudel eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien bultzadaz sortutako instituzioen arteko programa da, gazteen artean emakumeen kontrako indarkeriari aurre hartzeko xedea duena. Honen baitan garatzen ari da jaietako kanpaina. Asmoa da gazteak besta eta aisialdi espazioetan aldaketa-eragile bilakatzea. Horretarako, Beldur Barikek prozesuak sortzen edo proiektuak bultzatzen laguntzen die.

Udalei, berriz, hainbat material eskaintzen die, eurek erabaki dezaten zein erabili eta beren egin dezaten kanpaina. Kartel, informazio- eta sentsibilizaziogida, pegatina eta bertzelako euskarriak baliagarri izatea nahi dute tokian toki prozesuak sorsortzeko, eta prozesu horiek gidatu edo babesteko laguntza ematen dute. Urtez urte erabiltzen dira materialok. Horietako aunitz Berdintasunerako udalen sarean, Berdinsarea Batzordean diseinatuak dira, berdintasun teknikarien parte-hartzearekin. Mugimendu feministaren eta gazteen ekarpenak ere kontuan hartu dituzte.

Jarri dituzten erronkak honakoak dira: «Errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrera eta jokabideak bultzatzea, baita jaietan ere. Era berean, udalek material berak erabiltzen dituztenez, irudi bateratu bat transmititzea, berdintasunarekin eta emakumeen kontrako indarkeria bukatzearekin konprometitutako herri baten irudi bateratua».

Balorazio baikorra egiten dute, «nahiz eta lanean segitu behar den, neskak boteretzeko eta horien autoestimua indartzeko erremintak ematen eta, jakina, mutilekin ere lan egin behar da, nagusi diren maskulinitate ereduak zalantzan jar ditzaten, beste eredu batzuk ezagut ditzaten eta aldaketa-eragile bihur daitezen beren inguruetan». Kezkatzen dituena da mutilok gai ez izatea ligatzea eta molestatzea, edo erasotzea, bereizteko. Bidea luzea da, baina «norabide onean » goaz.