NAIZ
LEIOA

Euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea gauzatzeko neurriak eskatu ditu Etxeratek

Euskal preso politikoek EHUn ikasteko duten eskubidea gauzatzeko eskatu du Etxeratek Leioan, 2018-19 ikasturtearen hasiera ekitaldian. EHUri, Lakuako Gobernuari eta Hezkuntza Sailari dei egin die hezkuntza eskubidearen urraketari amaiera emateko beharrezkoak diren «neurri politikoak eta akademikoak» har ditzaten.

EHUren ikasturte hasierako ekitaldian egin du elkarretaratzea Etxeratek, Leioan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
EHUren ikasturte hasierako ekitaldian egin du elkarretaratzea Etxeratek, Leioan. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Leioan egin dute gaur EHUko 2018-19 ikasturtearen hasiera ekitaldia, eta han izan dira Etxerateko ordezkari, EHUko sindikatu, irakasle, AZP eta ikasleen ordezkariak, unibertsitateko eta Lakuako Gobernuko agintariei honako eskaera helarazteko: euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea dutela eta eskubide hori berma dezatela.

Oroitu dutenez, 90. hamarkadan hasi ziren euskal presoak EAEko unibertsitate publikoan ikasten, baina 2003an kaleratu egin zituzten eta, horren ondorioz, espainiar Estatuko kartzeletan dauden presoek ezin dute EHUn ikasi.

Lakuari gogorarazi diote 2004an onartu zen Unibertsitateko Legeak euskal herritar ororen ikasteko eskubidea jasotzen duela, baita eskubide hori gauzatzeko legeak behar duen garapena ere. Hala ere, «urteotan Jaurlaritzako agintari politikoek ez dute legeak agintzen duena bete».

Presoen seniden elkarteak salatu duenez, «orain arte EHUk bere funtzio nagusiaren debekua onartu du, hots, Espainiako kartzeletan Euskal Herriko ikasle presoei irakasteko debekua, 2009an Espainiako Konstituzio Epaitegiak EHUri unibertsitate autonomia onartu zion arren».

Horren aurrean, EHUk bere jokabidea aldatzea «ezinbesteko» jo dute, izan ere, Etxeraten ustez «presoen ikasteko eskubidearen aurka ari da jokatzen eta EHUn ikasi ahal izateko presoak epaitegietara jotzera behartzen ditu».

Lakuako Gobernuari eta EHUri «norabide biko» jarrera erabiltzea leporatu diote: «batetik, Madrilera begira egon dira, hitzarmena noiz lortu; baina bestetik, eurei dagozkien ardurak eta zereginak ez dituzte bete».

Hezkuntza eskubidearen urreketarekin bukatzeko beharrezkoak diren «neurri politikoak eta akademikoak» har ditzatela eskatu die Etxeratek EHUri, Lakuari eta Hezkuntza Sailari, batetik espainiar kartzeletan dauden presoei bertan ikasteko eskubidea bermatuz, eta bestetik frantziar espetxeetan dauden presoei unibertsitatean ikasteko «baldintza egokiak» eskainiz, «kalitateko hezkuntza eta doakotasuna» bermatuz.