NAIZ

Kirol edo kultur ekitaldietarako Udalak jasotzen dituen sarrerak zozkatzea eskatu dute

Kirol edo kultur ekitaldietarako Bilboko Udalak jasotzen dituen sarrerak zozkatzeko sistema bat abian jartzea eskatuko dute EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek iraileko Udalbatzan.

Kontzertu, festibal eta kirol ekitaldietarako jasotzen diren eta Udalak «nahieran» banatzen dituen sarrerak, «modu gardenean herritarren artean zozkatzea» eskatuko dute EH Bildu, Udalberri eta Goazen udal taldeek iraileko Udalbatzan.

Proposamena sinatu duten taldeek azpimarratu dute Bilboko bizilagunek ere ekitaldi horietara joateko eskubide daukatela, udaleko ordezkariek bezala.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramailearen ustez, «gai honetan beharrezkoa da gardentasunez lan egitea. Daukagun kargua ez da aitzakia horrelako pribilejioak izateko eta diru publikoa jartzearen ondorioz Udalak sarrerak lortzen baditu herritarrek ere horiek disfrutatzea zilegi da».

Carmen Muñoz, Udalberriko bozeramaileak, gogoratu du proposamena ez onartzeak kargu publikoen pribilejioei eustea suposatuko duela. «Herritarren ordezkariak baino ez gara eta gonbidapenak gure zinegotzi izaerarekin lotuak ez daudenean herritarren esku jarri behar dira. Eskubide bera daukate», adierazi du.

Ildo beretik, Francisco Samir Lahdou, Goazen udal taldeko eledunak, zinegotziek euren zaletasunak ordaintzeko ahalmena daukatela azpimarratu du. «Udalak, hurbilen dagoen instituzio bezala, lortu behar duena kultura hiritarrentzat eskuragarri egotea da, batez ere egoera ekonomiko txarrean daudenentzat», esan du.