NAIZ

Gizarte ekonomiari buruzko nazioarteko foroa Bilbon

Herrialde ezberdinetako 1.700 pertsona baino gehiago izango dira hiru egun iraungo dituen foroan. «Gizarte-ekonomia eta hiriak. Tokiko garapen inklusiborako eta iraunkorrerako balioak eta lehiakortasuna» da GSEF Bilbao 2018ren izenburua.

Gizarte ekonomiari buruzko foroaren hasiera ekitaldia. (Bilboko Udala)
Gizarte ekonomiari buruzko foroaren hasiera ekitaldia. (Bilboko Udala)

Urriaren 3rarte luzatuko da Gizarte ekonomiari buruzko nazioarteko foroa eta besteak beste, onforengo ordezkariak izango dira: Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Iñigo Urkullu, EAEko lehendakaria; Won Soon Park, Seuleko alkatea; Gerardo Pisarello, Bartzelonako alkateordea; Emilia Saiz, CGLUko idazkari nagusia.

Aditu gisa parte hartuko dute ere Juan Antonio Pedreño, Social Economy Europe delakoko burua; Rosa Lavin, Gizarte Ekonomiako Euskal Sareko burua; Chistopher Itier, gizarte-ekonomia solidariorako eta gizarte-berrikuntzarako goi-mandataria; eta Ariel Guarco, Nazioarteko Kooperazio Aliantzako burua.

Hasiera-ekitaldian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak esan du «hiru egun hauetan Bilbo ideien eta esperientzien benetako laborategi bat izatea» nahi duela. Horrez gain, nabarmendu du «Gizarte-ekonomia askotariko sektore zabala da gure hirian eta Euskadin, eta ibilbide luzea egin du. Kontuan hartu beharreko ibilbide luzea egin du. Gainera, mundu osoan erreferentea izatera eta aztertua izatera iritsi da, kooperaziozko euskal mugimenduari esker, garapen sozioekonomikoari ekarpen oso garrantzitsua egin diona eta egiten diona».

Bestalde, adierazi du foroak berme handia emango diola jasangarritasunean eta inklusioan oinarritzen den hazkunde-eredu bati lotutako politikak sustatzeko Bilbok hartutako konpromisoari.

Global Social Economy Forum (GSEF) gizarte zibileko eragileak eta tokiko gobernuak biltzen dituen nazioarteko erakunde bat da, ekonomia sozial eta solidarioaren garapenarekin konprometituta dagoena. Ekonomia sozial eta solidarioaren aldeko erakundeen eta tokiko gobernuen arteko elkarlana bultzatzeko helburuarekin sortu zen.

Ekonomia Sozialaren Foro Globaleko (GSEF2016) eskubide osoko kidea da Bilbo. Titulu hori ekonomia sozial eta solidarioaren sareko kideentzat eta tokiko gobernuentzat gordeta dago, eta biltzarrean bozkatzeko eskubidea ematen du. 2015eko abenduan Bizkaiko hiriburua sarean sartu zen ohorezko batzordeko kide gisa, eta, 2016tik aurrera, eskubide osoko kidea da.