naiz
gasteiz

Parlamentuak indarkeria matxistaren inguruko protokoloak berrikustea eskatu dio Lakuari

Gasteizko Parlamentuak Lakuako Segurtasun sailari biolentzia matxistaren inguruko protokoloak berrikustea eskatu dio eta, era berean, Madrilgo Gobernuari zaintza elektronikorako sistema teknikoa hobetzeko eskaria egin dio.

Jone Goirizelaia, Gasteizko Parlamentuan egindako agerraldi batean. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Jone Goirizelaia, Gasteizko Parlamentuan egindako agerraldi batean. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Gasteizko Legebiltzarrak, EH Bilduren proposamen bat onartuta, Lakuako Segurtasun sailari indarkeria matxistaren inguruko protokoloak berrikustea eskatu dio. Parlamentuko alderdi guztiek babestu dute proposamena.

Modu honetan, biktimentzako arreta arloan eskumenak dituzten gainerako sailekin «elkarlanean aritu» dadila eskatu dio, «genero perspektiba kontuan hartuta eta Emakunderen koordinazioarekin, indarkeria matxistaren edozein egoeratan esku hartzeko sortutako protokoloak berraztertzeko, bermatze aldera neskek, nerabeek, emakumeek eta, izatekotan, haien seme-alabek arreta integrala jaso dezaten prozesu osoan zehar». Ebaluazio hori gehienez urte bateko epearen barnean egingo dela adostu dute.

Era berean, Lan eta Justizia sailari, ofiziozko abokatuak izendatzeko baldintzak berrikus ditzala eskatu diote eta Pedro Sanchezen Gobernuari zaintza elektronikorako sistema tekniko hobetzea. «Honek sistema telematiko publiko eta eraginkor bat ahalbidetuko luke».

EH Bilduko Jone Goirizelaiak emakumeei, behin salaketa jarrita, «ezin zaie laguntzarik gabe utzi, aurrera bakarrik atera daitezen». Horregatik, erantzun «azkar eta eraginkor bat» defendatu du.

Irune Berasaluzek (EAJ) gaurko akordioa balioan jarri du eta orain arteko sistemak huts egin duela onartu. Bere aldetik, Elkarrekin Podemoseko Eukene Aranak «baliabide gehiago eta konpromisoa» eskatu die erakundeei.

PSNko Alexia Castelok, berriz, «sistemak ez duela hutsik egin» defendatu du, baina «hobetu egin daitekeela» adierazi du. Eta Nerea Llanosek (PP) «akatsak onartzea ezinbestekoa» dela nabarmendu du.