Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ahate sanoak hiltzeko agindua bete ez zuten laborarien aurkako auzia Pauen

ELB sindikatuko kide Panpi Sainte-Marie eta Barkoxeko Uhartia etxaldeko buru Cathy Chabalgoity azaroaren 5ean epaituko dituzte Pauen. Hegazti gripea zabaldu zenean prefetak emandako aginduari, hots, ahateak hiltzeari uko egin ziotela leporatzen die fiskalak.

Iazko udaberrian, Estatu frantseseko ekialdeko eskualdeetan hegazti gripea hedatzen ari zelarik, Ipar Euskal Herriko zenbait hazlek ahate sanoak hiltzeko aginduari kontra egitea deliberatu zuten. Hartara, ELB sindikatuaren sostenguz, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak harturiko osasun neurriak betetzeari uko egin zioten, argudiatuz beren ekoizpen ereduak ez zuela zerikusirik larrialdi sanitarioaren iturburuarekin, hots, ahate haztegi erraldoien jarduerarekin.

Horiek hala, heldu den azaroaren 5ean Pauen eginen den epaiketan DDPP departamenduko osasun zerbitzuko langileen lana trabatu zuela leporatuko dio fiskalak ELB sindikatuaren izenean jardun zuen Panpi Sainte-Marie militanteari. Akusazio horrekin batera, ahateak hiltzeko eta beste hainbat agindu sanitario betetzeari muzin egin ziola leporatuko dio Cathy Chabalgoity Barkoxeko Uhartia etxaldeko buruari.

2017ko apirilaren 14 eta 21ean Uhartian izandako gertakariak hartu ditu ardatz prokuradoreak bere akusazioan. Bertan bildutako 300 bat lagunek arduradun sanitarioei etxaldean sartzea eragotzi zieten. Protesten ondorioz, prefetak Uhartia zein Gabadi eta Domintxaineko bertze etxalde bi zaintzapean ezarri zituen. Ondoko hilabetetan haztegietan eginiko analisi guztiek, ordea, kutsadurarik ez zegoela baieztatu zuten. Hala ere, osasun administrazioak salaketak ezarri zituen Pauen eta Baionan. Oraingoz, Paueko prokuradoreak baizik ez du auzitara jotzeko urratsa egin.

Lekukoak

Pauen eginen den epaiketa ahate hazleen alde egiteko baliatuko du ELBk; finean, auziak «laborantza eredu jasangarriaz eta, beraz, elikagai osasuntsuak ekoizteko ereduari buruz mintzatzeko parada eskainiko baitu». Laborariei sostengua emateko, Mauleko auzapez eta Euskal Elkargoko ekonomia buru Mixel Etchebest, Confederation Paysanneko bozeramaile Laurent Pinatel eta Perico Legasse kazetari eta gastronomian aditua lekuko gisa arituko dira epaiketan.