GARA
DONOSTIA

Mobilizazioak Gipuzkoako egoitzetan, ituna lortu zuten bizkaitarren babesaz

Gipuzkoako zahar etxeetan greba egin dute hiru egunez eta ELAk deialdiaren «arrakasta» nabarmendu du. Baina borroka ez da amaitu eta greba egun gehiago antolatuko ditu azaroan eta abenduan. LABek ere greba deitu zuen atzo eta «Zaintza zaindu» leloa zabaldu zuen.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitzinean elkarretaratzea egin zuten atzo ELAk eta LABek, bakoitzak bere aldetik, zahar etxeetarako akordio duin bat lortzeko. 11.30ean ELAkoak atera ziren kalera, justu duela urtebete, 365 eguneko grebaren ondotik, borroka irabazi eta ituna adostu zuten Bizkaiko egoitzetako langileen elkartasunarekin. Soraya Garcia beraien ordezkariak borrokatzearen beharra aldarrikatu zuen, eta lan gatazkaren oinarria zaintza zerbitzua pribatizatzeko erabaki politikoan dagoela erantsi zuen.

Gipuzkoako grebalarien izenean Bego Gainzak hartu zuen hitza. Oroitu zuen ia bi urte pasatu direla adinekoen egoitzetako hitzarmen berria adosteko eta indarrean zeuden enpresa hitzarmen kolektiboak berritzeko negoziazioak hasi zirenetik. «Egoitzetako langileen asmoa oso argia izan da hasieratik: akordio bakarra egitea eta bi esparruetako hitzarmen kolektiboak (sektore hitzarmena eta enpresa hitzarmena) aldi berean sinatzea». Egoeraren «blokeoaren aurrean», urrian, azaroan eta abenduan 17 greba egun deitu ditu ELAk.

Enpresa hitzarmenetan dituzten baldintzak errespetatzea eta soldatak nabarmen hobetzea eskatzen dute. «Kaleak garbitzen dituzten gizonezkoek baino %30 gutxiago kobratzen dugu».

Genero bazterketarekin lotua

Adolfo Muñoz “Txiki” ELAko idazkari nagusiak Bizkaiko langileen lorpena goraipatu zuen eta «emakumeen diskriminazioaren aurkako borrokaren» barrenean kokatu zuen, Gipuzkoako zahar etxeen mobilizazioak bezala.

Haren esanetan, gutxieneko zerbitzuak gehitu egiten dira greba luzatu ahala. «Jaurlaritzaren helburua da greba amaitzea, ez grebarako arrazoia, lan prekarioa, desagertzea. Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz protesta egiten duena armagabetu nahi dute». Patronalaren eta Aldundiaren inplikaziorik eza salatu zuten bai elkarretaratzean bai gero hirian barna egin zuten manifestazioan.

Ordu erdi geroago, 12.00etan, LABek deituta, bigarren elkarretaratze bat egin zuten zahar etxeetako langileek toki berean, Aldundiaren atarian. «Gipuzkoako helduen egoitza guztiak grebara deitu ditugu gaurko, negoziazioaren blokeoaren aurrean hitzarmen duina lortzeko bidean», agertu zuten. Kontzentrazio honez gain, auto karabana egin zuten “Zaintza zaindu” leloa zabaltzeko. «Patronalaren jarrerarekin nazkatuta» daudela adierazi zuten, eta «sektorearen arduradun nagusia» den Gipuzkoako Aldundia ere kritikatu zuten, «behar eta aldarrikapenei muzin» egiteagatik. Besteak beste, «kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea eta langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lan batzorde parekidea sortzea».