GARA
GERNIKA

Bizkaiko etxeko laguntzako langileak, Gernikan protestan

Gernikan, Urriko Azken Asteleheneko azokan, pasatu zuten bigarren greba eguneko goiza Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. Hain zuzen ere, sektoreko sindikatu guztiek (LAB, ELA, USO eta UGT ) deituta, hamahiru greba egun aurreikusi dituzte.

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Gernikara eraman zituzten atzo hitzarmen duin baten aldeko euren aldarrikapenak. Urriko azken astelehenetan egin ohi duten azoka eta jai handian igaro zuten bigarren greba eguneko goiza Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. Hain zuzen ere, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuek (sektoreko indar guztiek) deituta, 13 greba egun aurreikusi dituzte, eta horietatik bigarrena atzo egin zuten.

Itun duin baten alde hainbat hilabetetan mobilizazioak egin ostean, eta «patronalek ez aurrera ez atzera egiten ez zutela» ikusita, Bizkaiko etxez etxeko laguntzaren zerbitzuko langileek ez zuten «beste irtenbiderik» izan mobilizazioak areagotzea baino. Hala, LAB, ELA eta USO sindikatuek 13 greba egun deitu zituzten. Geroago, UGTk ere bat egin zuen eta sindikatu guztiak elkarrekin ari dira borrokan.

«Etxez etxeko laguntzaren zerbitzua, menpeko egoeran bizi diren pertsonentzat funtsezkoa bada ere, gero eta okerrago dago; horregatik, guk, zerbitzu hori egunero ematen dugunok, mobilizaziora jo behar dugu, hobekuntza eske, bai arretaren aldetik, bai lan baldintzen aldetik», azaltzen dute adierazpenean. Arretari dagokionez, «gure zerbitzuaren jasotzaileak gero eta gehiago dira, eta arian-arian babes maila jaisten diete», kritikatzen dute.