Maddi TXINTXURRETA

Eusko labeldun eztia, 25 urtez tentuz zaindutako ondarea

Abaraskatik ahosabairako ibilbidean, eusko labeldun eztiak neurri zorrotzen galbahea pasatzen du, etiketen dakarren «K» zigiluaren merezimendurako kalitatea erdiesteko. Aurten, Euskal Herriko erlezaintzaren tradizioaren erakusgarri, 25 urte dira ezti potoek lehen aldiz zigilu hau jantzi zutenetik.

Ospakizunerako eguna izan zen atzo Euskal Herriko erlezaintzarentzat, Eusko Label ziurtagiridun eztiak 25 urte bete baititu aurten.

Giez-Berri enpresaren abaroan daude Gipuzkoa eta Bizkaiko 24 erlezainek ekoitzitako Labeldun ezti-markak, eta Getarian duen ontziratze plantan «Erleak Loretan» eztiaren kalitateari buruzko jardunaldia egin zuten atzo, urteurrena ospatu eta orain arteko bidean egindako lana akordura ekartzeko asmoz.

Eztia potoetara irauli, potoari tapa jarri, etiketak jantzi eta langilearen oniritzizko begiradatik pasatutakoan paketatu. Prozesua osatzen duen makinaren zaratak girotuta, eztiaren ekoizpeneko azken fasea azaldu zien Alfredo Garcia Giez-Berriko presidenteak jardunaldiko gonbidatuei; Nikanor Lertxundi Getariako alkateari, Bittor Oroz Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeari eta Antonio Gomez Pajuelo biologo eta erlezainari.

Egun, Giez-Berrik 6.159 erlauntza erabiltzen ditu eta 350 erlategi ditu erregistratuta. Iragan urtean 65.000 kilo ezti ontziratu zituzten Eusko Label bereizgarriarekin, nahiz eta lauzpabost urte lehenago 90.000 kilo ontziratzera ere iritsi ziren. Zifra hauek 1993tik egindako lanaren ondorio dira, eta hori omendu nahi izan zuten atzoko ekitaldian.

Lertxundi Getariako alkateak eztigintzak herrian duen garrantzia nabarmendu zuen, eta azken 25 urteetan egin dutenaren gisara, «helburuak betetzen» jarraitzea opa izan zien erlezainei, beste hainbeste urtez eztia ekoizten jarrai dezaten.

Oroz sailburuordeak Eusko Label «estrategiak» bi balio gailentzen dituela esan zuen, produktuaren jatorria batetik, hau da, «gure lurrari lotutakoa» izatea, eta kalitatea bestetik. Horri esker, nabarmendu zuen egun «puntako kalitatedun» eztia dagoela Euskal Herrian, eta hori «harrotzeko arrazoia» dela.

Kalitatea xede

Giez-Berriko buruak Eusko Label marka publikodun eztiaren 25 urteko historiaren azalpena eman zuen. Alabaina, horren aurretik, 50 milioi urte egin zuen atzera, «erleen eta loreen eboluzio eta garapenaren» hastapeneraino; eta ondotik Europako antzinako zibilizazioetan eztiak izan duen garrantziaren errepasoa ere egin zuen. «Alexandro Handiaren gorpua eztiz bilduta eraman zuten Babiloniatik», azaldu zuen bitxikeria gisa.

Gertuko historiara itzulita, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Erlezainen Elkarteak sortu zirenetik sektorea asko garatu zela azaldu zuen, ordu arteko erlauntz, abaraska eta gainontzeko lanabesak berritu baitzituzten, baita lan egiteko moldea ere. Garapenaren atzetik kalitatearen gorakada etorri zen, eta horren emaitza da egun Giez-Berrik ekoizten duen ezti «gordina, freskoa, artisaua eta pasteurizatu gabea». Ondorioz, berezko propietate nutritibo eta biologiko gehienak bere horretan mantentzen ditu.

Antonio Gomezek, berebat, eztiak kalitatezkoa izateko behar dituen baldintzak azaldu zituen, hiru ardatzetan: «irizpide fisiko-kimikoak, analisi botanikoa eta analisi sentsoriala». Lehenengoari dagokionez, Europako Batzordeak (EB) eztiaren konposizioak izan behar dituen baremoak azaldu zituen eta nola Eusko Labeldun eztiak baremo horiek zorrozten dituen are kalitate hobea lortzeko. Zentzu honetan, kritika batzuk ere izan zituen, zenbait kasutan baremoak zorrotzegiak direla iritzita.

Analisi botanikoak, aldiz, erleak polinizatzen dituen loreak aztertzen ditu, ezti klase desberdinak sortzen baitira horren arabera: akazia eztia, erromero eztia, gaztainondo eztia edo basoko eztia, adibidez.

Analisi sentsoriala, eztiaren usaina, kolorea eta zaporeari dagokiona, ezti motak dastatuz jarri ahal izan zuten praktikan jardunaldira joandakoek.