NAIZ+

Arzallustarrak, Euskaraldia... ‘Y viva España’

Arzallus anai-arrebak sare sozialetan non-nahi ikusi ditugu egunotan. Amets Arzallusek ETB saion batean egindako adierazpenak bolo bolo ibili ziren, Maddalenen abestiak protagonismoa ebatsi zion arte.

Audio_placeholder

Maddalen Arzallusen abestia.

Loading player...
Maddalen eta Amets asteko protagonistak.
Maddalen eta Amets asteko protagonistak.

Euskaraldiaren harira, ekimenaren xehetasunak azaldu, eta hizkuntzari lotutako bizipen hunkigarri eta gainditze historia eredugarriak dituzten pertsonak hartzen ditu protagonista 'Euskaraldia: bat eta bat hamaika' izeneko saioak. Lehengo astelehenean izan zuen estreinaldia ETBko saio honek eta gaur iluntzean ikusiko da bigarren eta azken atala.

Lehen saio hartan Edurne Azkaratek Amets Arzallus elkarrizketatu zuen Saran. Hausnarketa sakona plazaratu zuen bertsolariak eta sare sozialetan oihartzun zabala lortu zuten euren adierazpenek. Hemen sareetan zabaldutako elkarrizketaren pasartea.

Elkarrizketan zehar, gaur egun «euskararen heriotza diseinatu eta praktikatu zutenak» ere euskararen alde direla ekarri zuen gogora Arzallusek, diskurtso horrek, baina, «tranpa» bat duela iritzi dio; «euskara onartzen dute baina bere eremutxoan, bere bazter horretan, eta ahal baldin bada trabarik egin gabe besteei. Hortik ateratzen denean, eta besteen pare jarri eta erdiguneratzen denean, orduan gatazkak sortzen dira. Eta gatazken aurrean, guk ere askotan konplexuz betetako diskurtsoak eta argumentuak ditugu», zioen.

Euskal hiztunek euren burua etengabe justifikatu beharra dutela ere azaldu eta gogor kritikatu zuen. «Euskaldunak beti darama berekin bere burua justifikatu beharraren zama. Eta zama hori benetan da nekagarria eta harrigarria. Nire ustez, justifikatu beharko balu norbaitek bere burua, ez dakienak justifikatu beharko luke. Baina ez, hemen erantsi diote zama hori, dakienari», dio hendaiarrak.

Gutxiagotasun eta menderakuntza horretatik atera beharraz ere aritu zen: «Gure burua gutxiago justifikatu eta konplexurik gabe egin beharko dugu euskara erdigunera ekartzearen pauso hori, hierarkia kultural eta linguistikoak hautsi egin behar dira eta elkarren parean jarri behar dugu eta euskara ardatzera ekarri», azaldu zuen.

Maddalen Arzallus eta ‘Y viva España’

Sareetan asko zabaldu ziren adierazpen hauek Euskaraldiaren atarian. Ekimena martxan hasi orduko, ostera, familia bereko beste arzallustar batek hartu zuen protagonismoa. Izan ere, Maddalen Arzallusek Gaztea Irratian abestutako kanta bolo bolo ibili da sareetan asteburu osoan zehar.

Ostiralero doa bertsolari lapurtarra Gaztea Irratira eta gaurkotasuna duten gaiak hartu eta doinu ezagunetan txertatzen ditu. Pasa den ostiralean agendak markatutako Euskaraldia izan zuen hizpide, sorpresa baina erabilitako abestiak eragin zuen. Izan ere, 'Y viva España' kantaren erritmora egin zuen abestia.

Hemen abestiaren zati bat ikus daiteke.