NAIZ
MOSKU

Errusiak itsaso Beltzean «oso probokazio arriskutsua» egitea leporatu dio Ukrainari

Itsaso Beltzean Errusiako kostazainen eta Ukrainako Itsas Armadaren hiru itsasontziren artean izandako liskarraren ostean gora egin du tentsioak bi herrialde horien artean. Kremlinek «oso probokazio arriskutsua» egitea leporatu dio Kiev-eko Gobernuari eta Moskun duen ordezkaria deitu du.

Ukrainarrek paperezko itsasontziak utzi dituzte Kieven Errusiak duen enbaxadaren aurrean. (Sergei SUPINSKY/AFP)
Ukrainarrek paperezko itsasontziak utzi dituzte Kieven Errusiak duen enbaxadaren aurrean. (Sergei SUPINSKY/AFP)

Errusiar kostazainek Ukrainako Itsas Armadako hiru itsasontziri eraso egin zieten atzo arratsaldean Azov-eko itsasoan eta atzeman egin zituzten, ukrainarrek Errusiar Federazioaren eremuko uretan legez kanpo sartu ziela leporatuta. Krimeako penintsulako kostaldean izan zen liskarra, ukrainarrak Kerch-eko itsasartera zihoazela, Moskuren arabera. Kiev-eko Gobernuak dioenez, ordea, ur neutraletan zeuden bere ontziak eta Mariupoleko portura zihoazen. Sei militar ukrainar zauritu ziren erasoan, iturri horren arabera. Errusiak Azoveko sarrera itxi zuen eta ukrainar presidenteak gerra-kontseilua bildu zuen. 

Errusiar agintariek Ukraina egin dute gatazkaren errudun eta «oso probokazio larria» egitea leporatu diote. Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi duenez, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak gaur egingo duen bileran gaia mahai gainean izango du, Moskuk hala eskatuta. 

Serguei Lavrov Atzerri ministro errusiarrak ere gatazka sortzeko probokazio bila aritzea egotzi dio Kievi eta nazioarteko Zuzenbidearen hainbat atal urratu zituztela defendatu du.

Itsasontziek –bi kainoiontzi eta atoiontzi bat– Kercheko portuan jarraitzen dute, bien bitartean. Ukrainako persidente Petro Poroshenkok militar ukrainarrak berehala aske uzteko exijitu dio Moskuri eta auziari buruz NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergekin hitz egin du.