NAIZ
PARIS

2035. urterako 14 erreaktore nuklear itxiko dituztela iragarri du Emmanuel Macronek

Parisko Gobernuak 2035. urterako Estatu frantsesean dauden 58 erreaktore nuklearretatik 14 itxiko dituela iragarri du Emmanuel Macron lehendakariak. Gainera, Fessenheim zentraleko bi erreaktoreak, Estatuko zaharrenak, 2020. urteko udan itxiko dituela esan du.

Fessenheimeko zentrala Estatu frantseseko zaharrena da. (Sebastien BOZON/AFP PHOTO)
Fessenheimeko zentrala Estatu frantseseko zaharrena da. (Sebastien BOZON/AFP PHOTO)

Emmanuel Macron frantziar lehendakariak hainbat urtetarako energia plana aurkeztu du gaur Parisen eta horren baitan egin du erreaktore nuklearren itxieraren iragarpena.

Esan duenez, 2035. urterako Estatu frantsesean dauden 58 erreaktoreetatik 14 itxiko dituzte. Plangintza horren baitan lau-sei erreaktore hemendik 2030. urtera ixtea aurreikusten dute, eta Fessenheim zentraleko biak, aldiz, 2020ko udan.

Fessenheimeko zentrala Estatu frantseseko zaharrena da. Alsazian dago eta 1977an jarri zuten martxan. François Hollande presidente zenean 2016rako itxiko zuela iragarri zuen aurrena, eta gero 2018ra atzeratu zuen itxiera data. 

Hauexek dira itxiko dituzten zentralak: Tricastin, Bugey, Gravelines, Dampierre, Blayais, Cruas, Chinon eta Saint-Laurent. Fessenheimekoarekin batera, zaharrenak dira horiek. EDFk zehaztu beharko du zerrenda zehatza, eta Macronek esan duenez ez da zentral horien «erabateko itxierarik» izango.

Trantsizio energetikoari buruz egin duen hitzaldian, Macronek esan du helburua dela argindarraren produkzioan energia nuklearraren pisua %50era jaistea 2035. urterako. 

EPR Belaunaldi berriko erreaktore nuklearrak eraikitzeari buruz, berriz, azaldu du oraingoz ez dutela horren inguruko erabakirik hartuko eta gutxienez 2021 arte itxarongo dutela.