GARA
BEIRUT

ISISek indar erakustaldia egin du Sirian kurduei gogor eraso eginda

200dik gora hildako eragin ditu asteburuan ISISek, kurduek gidatzen duten FDSko koalizio militarren aurkako erasoaldian, Deir Ezzorren, Siriako ekialdean. Horrekin, talde jihadistak oraindik indartsu dagoela ohartarazi du, azken bi urteetako porroten gainetik.

Talde jihadistak 500 kide mugiarazi ditu –tartean kamikazeak–, Siriako Indar Demokratikoak (FDS) koalizio militarraren posizioei erasotzeko, Deir Ezzorreko probintziako hainbat herrixkatan. FDS gerrillari kurduek gidatzen dute eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eta bere aliatuen aire-babesa du.

Erasoak ostiraletik igandera bitartean izan dira. 92 gerrillari galdu ostean, FDSk ISIS atzera egitera behartu du kontraeraso batean, AEBen bonbardaketei esker. Enfrentamenduak gogorrak izan dira eta Giza Eskubideen Siriako Behatokiak (OSDH) gaineratu duenez, 61 jihadista eta 51 zibil hil dira, horien artean 19 haur, guztiak ISISen gerrillarien familiakoak.

Kurduentzat kolpe larria

Hala ere, FDSk ez du inoiz galdu hainbeste gerrillari bataila soil batean. Beraz, kurduen aurkako kolpe larri baten aurrean gaude.

Izan ere, gutxitan galtzen ditu gerrillari kurduak ISISen azken gotorlekua osatzen duten Hajine, Soussa eta Al-Chafako herrixken aurkako erasoaldian. FDSko ordezkari batek ISISen «eraso oldea» onartu du, baina «terroristek» galera handiak pairatu dituztela eta atzera egin behar izan dutela azaldu du.

Italian egoitza duen European University Instituteko jihadismoan aditu Tore Hamming-en iritzian, «oker zebiltzan ISISekoak Deir Ezzorreko gotorlekuetatik bidaltzea gauza samurra izango zela uste zutenak (...) Eskualdean basamortua eta herrixkak baino ez daude eta Mosulen edota Raqan isolatzea eta gailentzea baino askozaz zailagoa da», gaineratu du. Jihadistek gainera, «ondo baino hobeto ezagutzen dute herrialdea eta badakite bizirik harrapatzen badituzte hil egingo dituztela».

FDSk irailean ekin zion ISIS Deir Ezzorretik bidaltzeko erasoaldiari, baina urria bukaeran atzera egin behar izan zuen kontraerasoak pairatu ostean.

Gainera, Turkiak Siriako kurduak airez erasotzeari ekin zion orduan eta FDSk bere erasoaldia eten egin behar izan zuen. Hala ere, 10 egun geroago erasoaldiari berrekin zion koalizio militarrak. ISIS dagoeneko garaituta egongo zela pentsatzen zutenek, ordea, kezkaz jaso dituzte azken berriak.

 

Idliben aurkako azken erasoaldiaren atarian?

Jihadisten eta matxinoen azken gotorlekua bihurtu den Idlibeko probintziaren inguruko su etena kinka larrian jarri du Alepon izan den eraso kimikoak. Errusiak eta Siriako Gobernuak «terroristei» egotzi die kloroz egindako erasoa, 107 pertsona zauritu zituena. Moskuk eta Damaskok ez dute jihadistak eta matxinoak izan diren zehaztu. Matxinoen iturri batzuek, ordea, HTS koalizio jihadistari, Al-Qaeda barnean hartzen duenari, egotzi diote erasoa. Koalizio honek ez du Errusiak eta Turkiak irailean adostu zuten akordioa onartu eta ez du militarrik gabeko esparrutik alde egin.

Errusiaren aire erasoen ostean Idlibeko su etena ere airean dago. Baina Moskuk Ankarari presio egitea erabaki du HTSen aurka egin dezan. Izan ere, Idlib-en aurka erasotzeko milaka eta milaka soldadu eta miliziano beharko lirateke. Matxinoen artean eraso kimikoaren atzean Damasko dagoela dioenik bada, aitzakia moduan erabiltzeko Idliben aurka. Erabili ahal izateak ez du zertan esan nahi atzean egin behar duenik. GARA