NAIZ
BILBO

Euskal Herri osoko 220.000 lagun ari dira Euskaraldian parte hartzen

Euskaraldia martxan jarri eta aurreneko egunetan izena eman duenik ere badago. Hala, Euskal Herri osoan 16 urtetik gorako 220.000 lagun dira hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen ariketa sozialean parte hartzen ari direnak.

Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia, Elgoibarren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Euskaraldiari hasiera emateko ekitaldia, Elgoibarren. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Euskaraldiak zazpigarren eguna bete du ostegun honetan. Ariketaren lehen egunetan Euskaraldia izaten ari den eragina handia izan dela azpimarratu dute arduradunek, kalean Ahobizi eta Belarriprest txapa duen jende kopurua eta sare sozialetan izaten ari den presentzia aintzat hartuta. Ekimenaren azken txanpan partaideei abiatutako hizkuntza ohitura aldaketei eusteko deia egin diete Euskaraldiaren koordinatzaileek.

Euskaraldia hasi aurretik jakinarazi zuten modura, izena eman dutenen %73 Ahobizi modura jarduteko batu dira ekimenera, eta %27 ari da Belarriprest modura parte hartzen. Partaideen %36k 16 eta 35 urte artean du eta %62 emakumezkoa da.

Euskal Herriko 405 udalerritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horietan guztietan eman ahal izan da izena. Horrez gain, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean. Herriz herri eta entitatez entitate osatu den milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.

Halaber, antolatzaileek azken urtean azpimarratu duten modura, herritarrak izaten ari dira Euskaraldiaren protagonistak, «partaideak baitira, aukeratutako Ahobizi edo Belarriprest rolari jarraituz, egunerokoan dituzten harremanetan hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ahalegina egiten ari direnak». «Horregatik, Euskaraldia abiatu denetik, ekimenean izaten ari diren bizipenak partekatzen ari dira hainbat partaide, ariketak sortutako ezustekoak, lorpenak eta zailtasunak lau haizetara zabalduz», azaldu dute.

Arrasto handiena, eguneroko harremanetan

Ariketa sozialaren koordinatzaileek nabarmendu dutenez, «ekimen berezietatik urrunduz, Euskaraldia herritarren eguneroko harremanetan ari da arrasto handiena uzten, partaideek zabaldutako esperientziei erreparatuz gero».

«Familia giroan, lagunartean, lanean, zerbitzuetan eta administrazioarekiko harremanetan izandako bizipenak ari dira nabarmentzen beste ezeren gainetik. Eta aipatzekoa da esperientzia positibo eta lorpenak nagusi diren arren, eguneroko harremanetan, bereziki hurbilenetan, lorpenak izateak badituela zailtasunak», gaineratu dute.

Horrela, partaideen esperientziak hiru bidetatik ari dira jasotzen nagusiki: batetik, Euskaraldiaren webgunean bizipenak jasotzeko prestatutako espazioan egunero ari dira beren esperientziak bidaltzen; bestetik, sare sozialen eta interneteko bestelako webguneen bidez, beren egunerokoa egiten ari diren herritarrak asko direla aipatu dute; azkenik, herriz herri, Belarriprest eta Ahobizien artean esperientziak trukatu eta bizipenak partekatzeko bilguneak antolatzen ari dira.

Azken txanpa

Euskaraldiaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu dituzte antolatzaileek parte hartzaileen artean. Duela zazpi egun hasitako ariketari eutsi eta identifikazio ikurrak abenduaren 3a arte soinean eramateko deia egin dute, batetik.

Bestetik, Euskaraldia esperimentaziorako ekimena ere badela gogoratu dute, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari dela azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko duten bigarren galdetegia bete dezatela eskatuz.

Azkenik, egunero sareen bidez zabaltzen ari diren gomendio eta aholkuen bidez beren buruak prestatzen jarraitzea proposatu diete izena eman duten herritar guztiei, Euskaraldia ahalduntze ariketa bat dela gogora ekarriz.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia bukatzeko ekitaldiak partaide guztien bilgune izatea espero dute antolatzaileek eta dei egin diete herritar guztiei, Euskaraldian izena eman dutenei eta ez dutenei ere, ekitaldiotan parte har dezaten.