NAIZ+

Macron Biarritzen ongi etorria ez dela esan dio Aitzinak

G7 gailurraren goi-bilera prestatzeko xedez, Emmanuel Macronek datorren asteartean Biarritzera egingo duen bisitaren aurkako ekimena egin du Aitzinak. Sarean zabaldu du bideoa.

Hotel du Palais-en atarian egin du elkarretaratzea Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Hotel du Palais-en atarian egin du elkarretaratzea Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Datorren asteartean «enbaxadore ugarirekin batera» Biarritzera joango da Emmanuel Macron presidente frantsesa eta G7aren goi-bilera prestatzeko egingo duen bisita gaitzesteko ekimena egin zuen Aitzinak asteazkenean.

Sarean zabaldu dute orduotan ekimenaren bideoa. «G7 hautsi» zioen pankarta batekin Biarrizko Hotel du Palais-en atarian elkarretaratu ziren Aitzinako kideak. «Macron kanpora» leloa zuen beste bat ere eskegi zuten, presidente frantsesaren aurpegia buruz behera erakusten zuena.

Protesta horrekin salatu nahi izan dute «herritarron diruarekin ordainduriko» G7 taldearen goi-bilerari begirako segurtasun plana gainbegiratzeko hilaren 18an Macronek «enbaxadore ugarirekin batera» Biarritzera egingo duen bisita.

«Agorrilean itzuliko da hona Macron, munduko agintari nagusien klubeko bere laguntxoekin batera. Kapitalaren eta miseriaren ikur diren agintari hauek, bizi dugun krisi sistemikoaren erantzuletzat har ditzakegu», azpimarratu dute.

Horregatik, ozen adierazi nahi izan dute «burujabe izan nahi duen herri batekin eginen dutela topo: Euskal Herritik ez dira pasako!».

Era berean, nabarmendu dute «txaleko horien» protesten eraginez «zilegitasun krisia» bizi duela estatuburuak. «Diskurtso lausoa eta argi-ilunak izan arren, hastapeneko eregaien gaineko zergaren auziaz harago, gero eta kutsu sozialagoa hartzen joan da mugimendua, Macronek klase aberatsenen alde sustaturiko politika orokorraren aurkako hauspoa gorpuzteraino», azaldu dute.

Testuinguru honetan, gazte antolakundeak adierazi du «frantses Estatuaren dominazio-sistema konplexua ukatu eta honekin konfrontatzeko ardura» daukatela eta horretarako «gure bizitzaren arlo guztietan burujabetza eta boterea eskuratzeko lubakietan ere antolatu» beharra dagoela.