GARA
DONOSTIA

Bigarren urtez jarraian %20 murriztuko dute berdelaren kuota

Iaz Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek izan zuten berdelaren kuota Europako tasa osoaren %1,15 izan zen, 11.000 tona harrapakinekin, eta jaitsiera honek gogor kolpatu dezake sektorea. Dena dela, antxoaren eta legatzaren kuotak mantendu eta Estatu frantseseko legatzean, Bizkaiko golkoko txitxarroan eta hegaluzean igoerak ezarri dira.

Astelehen eta asteartean Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera egin zen Bruselan, non, ohikoa den legez, Europar Erkidegoko flotarako 2019ko arrantza kuoten banaketa ezarri zuten. Honen aurrean, Lakuak bere desadostasunak erakutsi zituen, nahiz eta neurri batzuk «nahiko positiboan» baloratu. Estatu espainolak begi hobeagoekin ikusi zituen ezarpenak, hasieran aurreikusten zen hegoaldeko legatzaren murrizketa ezabatzea lortu ostean.

Urkulluren Gobernuaren desadostasun nabariena berdelaren kasuan etorri zen. Zientzialariek %42 murriztea proposatu zuten hasieran, 2018an egon den kuotarekiko, eta azkenean %20 jaistea erabaki da bigarren urtez jarraian.

Murrizketa honek Bizkai eta Gipuzkoako baporeetan eragin nabaria izan dezake. Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak jakinarazi zuen aurten 11.000 tona berdel arrantzatzeko baimena izan duela sektoreak; hau da, Europar Batasuneko kuota osoaren %1,15 eta Estatu espainolari zegokionaren %33.

Berdelaren stock bakarra Ipar Atlantikokoa da eta espeziearen egoera orokorra ez da ona, baina Lakuak nabarmendu zuen ikerketa horiek ez dutela kontuan hartzen tokiko egoera, «eta horrek argitzen du zergatik planteatzen den kuota murriztea gure uretan berdela egon arren».

Antxoa eta legatza, mantendu

Negoziazioa baikorragoa izan zen EAEko sektorean pisua duten «edo interes berezikoak diren» bestelako espezieekin. Antxoa eta hegoaldeko legatzaren kasuan, esaterako, kuota mantenduko da (29.770 tona eta 5.924 tona dagozkio espainiar Estatuari, hurrenez hurren) eta igoera handiak ezarri dira Frantziako kostaldeko legatzean (%27), Bizkaiko golkoko txitxarroan (%18), oilarrean (%40), hegaluzean (%10) eta isurialde kantauriarreko zapoan (%5).

Zigalaren harrapaketak, bestalde, debekatuta jarraituko du Kantauri itsasoan hirugarren urtez jarraian eta ikerketarako 2.000 kilogramo eskuratu ahal izango dira. Cadizko golkoan eta Portugalen uretan aurten baino %5,2 gehiago harrapatzeko aukera egongo da.

Behin betikoak diruditen kuota hauek astearte iluntzean ezarri ziren eta goizean helarazitako proposamena hobetu zuten; izan ere, hegoaldeko legatzari dagokionez %14ko murrizketa planteatzen zuen hasieran Bruselak. Hala, Estatu espainoleko Nekazari, Arrantza eta Elikadurako ministro Luis Planasen iritziz «emaitza oso ona» lortu dute aurtengo Batzordeko negoziazioan.

Ministerioak helarazitako datuen arabera, Estatu espainolak 503,8 milioi euroren truke eskuratu ditu kuota horiek, iazko negoziazioan baino %5 gehiago (26 milioi euro).

Derrigorrezko lehorreratzea

2019an, gainera, harrapaketa onargarrien totala (TAC) duten espezie guztientzat derrigorrezko lehorreratzea txertatuko dute eta, honenbestez, itsasoan deskarteak egiteko debekua jarriko da indarrean.

Zeresana eman duen neurria urtarrilaren 1ean jarriko da abian. Honekin, TAC ezarrita duten espezie guztiak lehorreratu beharko dira, hala nola legezko neurririk ez duten edo kuotarik ez duten espezieak. Arrantza ahaleginean jaitsierarik eman ez zedin, “Itoguneko espezieen kuota bankua” sortzea hitzartu zen batzordean. Honekin, kuotarik ez duten espezieak arrantzatzean hauen kopurua “kuota banku” horretatik kendu beharko litzateke. Beste herrialdeekin elkartrukeak egitea ere planteatu zuten.

Arrantzako europar araudiak arraste-ontziek erabiltzen dituzten sare-begiak 10 zentimetrora handitzeko neurria ezarri du baina Aztik eginiko ikerketan ondorioztatu dute sare horiek komertzializatu daitezkeen beste espezieak harrapatzea ere oztopatzen dutela eta beraz, ez duela konpentsatzen merkaturatu daitezkeen harrapakinen eta arrantza osoaren ratioaren hobekuntza.