NAIZ
GASTEIZ

Ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lehen urratsa egin du Gasteizko Parlamentuak

Gasteizko Legebiltzarrak tramitera onartu du jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamena, EH Bilduren ekimenez.

Larraitz Ugarte, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamena defendatzen. (@ehbildu_legebil)
Larraitz Ugarte, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko lege proposamena defendatzen. (@ehbildu_legebil)

Gasteizko Parlamentuak lehen urratsa egin du jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko, EH Bilduren proposamena tramitera onartuta. 

«Ustelkeria Espainiako kontua dela eta hemen errealitatea bestelakoa dela irudikatzea gustatzen zaigun arren, hemen ere ustelkeria kasuak gertatu izan dira –De Miguel auziaren epaiaren zain gaude, esaterako– eta ezin dezakegu esan, inolaz ere, gizarte osasuntsu batean gaudela, non administrazio publikoa gardena, serioa eta duina den», adierazi du Larraitz Ugarte koalizioko legebiltzarkideak.

Ugarteren iritziz, ustelkeriaren alorrean zigorgabetasuna «erabatekoa» da, «ez dagoelako ikerketarako mekanismo egokirik, ez daukagulako Polizia judizial egoki bat diru publikoaren erabilera desegokiari modu espezializatu batean aurre egiteko, ez dagoelako ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat, botere publikoak ez dituelako bere buruaren gaineko kontrol mekanismo nahikoak, ez dugulako salatzaileak babesteko mekanismorik».

Horregatik, beharrezkotzat jo du horren aurka «independentzia osoz» lan egingo duen bulego bat sortzea, Nafarroan egin duten bezala. «Herritarrei erakutsi behar diegu gu ere prest gaudela norabide horretan pausoak emateko, ikusi behar dute alderdiok prest gaudela lakra horrekin amaitzeko eta horren aurka gogor borrokatzeko mekanismoak jarriko ditugula».

EH Bilduren iritziz, horretarako «borondate politikoa», «lege egoki bat» eta «bulego guztin independente bat, babes legal, juridiko eta politiko osoa izango duena» behar dira.