NAIZ

EH Bildu: «Udalak ezezkoa eman dio bere bulegoetatik ateratzen ez den proposamen orori»

EH Bilduk salatu duenez, sei alegazio aurkeztu dituzte aurrekontuak hobetzeko helburuarekin, baina EAJk eta PSEk «ezezko borobila» eman diete guztiei eta ez dituzte onartu.

Aitziber Ibaibarriaga eta Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotziak.
Aitziber Ibaibarriaga eta Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotziak.

EH Bilduk prentsa ohar batean azaldu duenez, 2019ko aurrekontuei aurkeztutako alegazio guztiak  atzera bota ditu EAJ eta PSEk osatzen duten Bilboko Udal Gobernuak.

Emakumeen etxearen inguruan aurkeztutako proposamenaren inguruan esaterako, Aitziber Ibaibarriagak esan du proposatzen den eraikina moldatzeak zenbat kostatuko lukeen eta nondik lortu daitekeen dirua zehazten zuen. «Ez bazaudete emakumeen etxea martxan jartzearen alde esan ezazue argi, baina ez ezazue adostasun faltaren aitzakia erabili sudurra luzatuko zaizuelako», kritikatu du Ibaibarriagak.

Etxez etxeko zerbitzuaren inguruko alegazioa ere atzera bota dutela salatu du EH Bilduk. Langileen kopurua 300 pertsonetan jaitsi dela azken hiru urteetan esan dute eta gogora ekarri dutenez 2019ko aurrekontua 562 miloi eurotakoa izanik, Udalak 8 miloi euro gastatuko ditu «internazionalizazio edo marketing politiketan» eta miloi bat unibertsitate pribatu bat ezartzeko eta 1,4 miloi BBK Live jaialdiarentzat. Aldiz, «atea itxi diote etxez etxeko langileentzat egindako 800.000 euroko proposamenari eta langileek greban jarraitu beharko dute», salatu du EH Bilduk.

Otxarkoagako auzokideek Ibarsusi zelaia hobetzeko egindako proposamena eta Arangoitiko auzokideek merkatu zaharra berritzeko egindakoa ere, ez dituztela onartu kritikatu du EH Bilduk.