«Pentsionistak aurrera!», 2019ko lehen elkarretaratzea Bilboko Udaletxean
Pentsionistak astelehenero mobilizatzen hasi zirenetik urte bat beteko da datorren urtarrilaren 15ean eta hori ospatzeko, hilaren 19an, Bizkaiko pentsionistek manifestazioa egingo dutela adierazi dute Bilboko Udaletxe atarian egin duten elkarretaratzean.

2019ko lehenengo elkarretaratzea zen gaurkoa eta 12.00etarako Udaletxeko atariko gunea pentsionistez beteta zegoen. «Pentsionistak aurrera!» edo «Jo ta ke, irabazi arte» bezalako leloak oihukatzen hasi dira eta hizlari guztiek argi utzi dute borrokan jarraituko dutela pentsio duinak lortu arte.
Pentsionistak aurrera! pic.twitter.com/S2X5WuTlao
— Asier Robles (@asierrobles) January 7, 2019
Jon Fanok, pentsionisten mugimenduko kideak, azken asteetan gauzak «oso gutxi» mugitu direla adierazi du, baina «borrokan jarraituz gero, helburuak lortuko direla» nabarmendu du.
Bestalde, Fanok Iñigo Urkulluri eta Pedro Sanchezi haien proposamenak eta konpromisoak zeintzuk diren «argi azaltzea» eskatu die. Horren harira, oraindik Urkulluren erantzunik ez dutela jaso salatu du Fanok.
PSOEren Gobernuak sindikatu eta patronalei hainbat proposamen egin dietela aitortu du, baina era berean, hurrengo sei hilabetetan eztabaidatuko den proposamen horretan «ezer ziurrik» ez dagoela salatu du. «Gainera, proposamenean ez da jasotzen pentsio minimoak %3a igotzea, eta are gutxiago pentsioak 1080ra heltzeko pausuak ematea», kritikatu du.
Beste bozeramaile batek «krisi-iruzurra» salatu du: «Krisia deitu zioten guk hainbat murrizketa tutik esan gabe onartzeko». Ildo horretan, Madrilgo eta Lakuako gobernuei zuzenduz «lapurtutako eskubideak» berreskuratzeko legeak indargabetzea exijitu behar zaiela adierazi du: «Duela hilabete batzuk, batasunaren izenean, gobernu bat bota genuen, baina orain bada garaia pentsio eta lan erreformak indargabetzeko», gaineratu du.
Hilaren 19an Bizkaiko pentsionistek manifestazioa egingo dutela adierazi dute. Mobilizazio horrekin, lehenengo elkarretaratzearen urteurrena ospatuko dute. Manifestazioa 17.00etan irtengo da Bilboko Confebask-en egoitzatik eta Udaletxean amaituko da.
Bestetik, 17an Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako pentsionisten plataformak batuko direla aurreratu dute, urte honetarako «ekimen berriak sortzeko».

‘Helmuga, denak etxera’, la manifestación de enero de 2027 para sellar una realidad dolorosa

La Diputación de Araba sanciona a Sarrea e impide realizar campamentos en Bernedo

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

Quedan en libertad los 28 detenidos en la macrorredada relacionada con el acto de Vito Quiles
