NAIZ

Getxoko EH Bildu: «EAJk eta PSEk ez dituzte aurrekontuak gurekin negoziatu nahi»

EAJk eta PSEk aurrekontuak negoziatzeko asmorik ez dutela salatu du Getxoko EH Bilduk ohar batean. Gogoratzen dutenez, 2016tik aurrekontuak aprobatu gabe daude. «Agian hauteskunde usainak ekarri du aurrekontuen negoziaketarik ez egotea, badirudi EAJk eta PSEk interes horien menpe jarri dituztela getxoztarrak eta getxoztarren beharrak», dio koalizio subiranistak.

EH Bilduk komunikabideei igorritako oharrean azaltzen duenez, «berandu aurkeztu zigun Gobernu taldeak aurrekontuen aurreproiektua, urrian aurkeztu behar zuena abendu bukaeran aurkeztu zigun. Bilerara deitu ziguten eta Euskal Herria Bilduk, ohi dugun bezala, negoziatzeko gure gutxieneko demokratikoa jarri genuen mahai gainean; lehenik eta behin, akordioa egon ala ez egon aurrekontuak osoko bilkuran eztabaidatu behar direla».

EH Bilduren iritziz, aurrekontuak dira «egitasmo politikoaren eta urtean egin nahi denaren eragin zintzoena, eta beraz, herritarrek ezagutu behar dute horren inguruan sortuko den eztabaida».

«Horri beste eskari bat gehitu genion, alkateak ere eztabaida demokratiko horrekin konprometitzea. Erantzuna jaso dugunean ikusi izan dugu EAJk eta PSEk ez dutela aurrekontuak Osoko Bilkuran eztabaidatzeko konpromisorik hartu nahi eta ez dutela alkatearen konpromisoa bermatu nah», salatzen du koalizio subiranistak.

EH Bildurentzat «gutxieneko demokratikoak» dira. Gogoratzen dutenez, 2016 urteko aurrekontuen negoziaketan Osoko Bilkuran eztabaidatuak izatea izan zen aurreneko baldintza eta Gobernu taldeak onartu  egin zuen.

«2017 eta 2018 urteetan baldintza berari eutsi genion. Beraz, ez da gauza berria Gobernu taldearentzat osoko bilkuran eztabaidatzeko gure eskaria, gutxieneko demokratikoa aurretik egin izan baitugu», gaineratzen dute.

«Orain kendu nahi izateak argi uzten digu EAJk eta PSEk ez dutela benetako negoziaketarako asmorik, itxurakeri hutsean aritu izan direla eta ari direla. Horri gehitzen badiogu berriro ere, Getxoberri tartean, euren aurrekontu proiektua salduko dutela aurrekontuak baleude bezala, aurrekontuak luzatuak direnean 2016tik aurrera luzatuak, Gobernu taldearen ezgaitasunagatik, alegia gero eta garbiago daude gauzak», ondorioztatzen du EH Bilduk.

«EAJk eta PSEk gehiengoa balute bezala jokatzen dute, horrela izan gabe. Halere, EH Bildutik lanean jarraituko dugu epe labur edota ertainean afera honetan edota beste batzuetan elkarrizketan aritzeko baldintzak guztion artean sor ditzagun», azpimarratzen dute oharrean.