GARA
Bilbo

Lantegi Batuak-eko langileak greban, 14 hilen ostean hitzarmena izateko

Lantegi Batuak Fundazioko beharginek asteon antolatutako hiru greba egunetatik lehenengoa gauzatu zuten atzo, hitzarmen «duina» erdiesteko helburuarekin. Hamalau hilabete negoziatzen eman ostean lortutako aurrerapenak ez dira nahikoa langileen iritziz.

Lantegi Batuak-eko langileen protesta. (@iku_ath)
Lantegi Batuak-eko langileen protesta. (@iku_ath)

Komunikabideei zuzendutako idatzi baten bidez, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako enpresa batzordeak bere «asetasuna» agertu zuen, grebaren lehenengo egunak izan zuen jarraipenagatik. Langileek goizeko zortzietan hasi zituzten protestak enpresak Etxebarrin eta Derion dituen zentroen kanpoaldean, eta 12.00etan Loiuko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten.

Gaur, grebaren bigarren egunean, manifestazioa egingo dute 12.00etan, Bilbon, Jesusen Bihotzetik hasita Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino.

Enpresaren zuzendaritzak iaz egindako proposamena «irrigarria eta zikoitza» zela iritzita, Lantegi Batuak-eko langileek greba egin zuten abenduaren 20an, eta urtarrileko asanbladan enpresa batzordeak beste sei lanuzte egitea erabaki zuen: otsailaren 25, 26 eta 27an, eta martxoaren 20, 21 eta 22an.

Horrez gain, otsailaren 16an egin zuten bezala, martxoaren 2an, 16an eta 30ean ere manifestazioak egingo dituzte Bilboko kaleetan.

Azken proposamena, urrian

Lantegi Batuak-eko beharginen azkenengo hitzarmena 2017ko abenduaren 31n iraungi zen; horrela, enpresa batzordea hamalau hilabetez aritu da zuzendaritzarekin hitzarmen berria adosteko saiakeran.

Langileek salatu dutenez, 2012 eta 2014 artean soldatak izoztu ziren, eta 2015etik 2017ra, urteko igoerak %1ekoak izan ziren.

Zuzendaritzak 2018ko urrian luzatu zien beharginei azken proposamena: soldaten igoera %1,17koa izango zen gutxien kobratzen duten kategorietako langileentzat (15.645,74 euro, gutxi-asko) eta %0,75ekoa gainerakoentzat, hitzarmena indarrean egongo litzatekeen urteetan, 2018tik 2020ra. Alabaina, Lantegi Batuak Fundazioko langileen iritziz, «eskubide sozialetan aurrerapauso oso eskasak dira».

Bestalde, beharginek adierazi zuten ez daudela ados soldatak enpresaren emaitzen arabera igotzearekin, izan ere, Lantegi Batuak-eko langileak «ez dira gai enpresaren erabaki estrategikoetan parte hartzeko».

Aniztasun funtzionala duten pertsonak lan mundura sartzeko egiten du lan Lantegi Batuak Fundazioak.