NAIZ

2006an espetxean larriki gaixotu zen Juan Jose Rego Vidal donostiarra hil da

Juan Jose Rego Vidal preso ohi donostiarra hil da. Hamabost urte eman zituen preso, Palma de Mallorcan Juan Carlos de Borbon erregearen aurkako atentatu saiakera egotzita, eta bertan larriki gaixotu zen. 2010. urtean espetxealdi arindua eman zioten.

Juan Jose Rego aske uzteko mobilizazioa, 2010ko urtarrilean. (Imanol OTEGI | FOKU)
Juan Jose Rego aske uzteko mobilizazioa, 2010ko urtarrilean. (Imanol OTEGI | FOKU)

Gaixotasun larria aspaldi zuen Juan Jose Regok. Lau urtez horrela egon zen espetxean, eta jada 70 urte zituela, 2010. urtean askatu zuten, espetxealdi arindua onartuz, kontrol neurri zorrotzak barne. Erabaki hori hartu baino 40 egun lehenago bihotzekoa jasan zuen kartzelan. Palenciako Dueñasen zegoen, hortik Burgosera eraman zuten, gero Martutenera eta azkenik bere Intxaurrondoko etxera.

Arazo fisikoak 1988. urtean hasi ziren, baina kartzelan nabarmen egin zuen okerrera. Tronbosia jasan zuen 2005. urtean, bularreko angina 2009an eta aipaturiko bihotzekoa 2010an. Espetxealdi arindua eman zitzaion, garai hartan gaixorik ziren hainbat presori bezalaxe. Beranduago, eskubide hori bertan behera utzi dute PSOEko zein PPko gobernuek, eta gaur egun 21 lagun daude espetxean, gaixotasun larri sendaezinak izan arren.

Beste gauza batzuen artean, orduan espainiar erregea zen Juan Carlos de Borbonen aurkako atentatua egiteko asmoagatik atxilotu eta zigortu zuten Rego Vidal, bere semea Iñaki Rego eta Gorka Garcia Sertutxarekin batera. 1995. urteko abuztuan gertatu zen.

Donostian zendu zen atzo Juan Jose Rego, ebakuntza larri bat gainditu ezinean.