NAIZ
BILBO

Duela 5.000 urteko aztarnategi bat aurkitu dute Punta Begoñan

Historiaurreko aztarnategi bat aurkitu dute «ezustean» Punta Begoñan (Getxo) eta, karbono-14 probek aurreratu dutenez, duela 5.000 urtekoa da.

«Ezustean» aurkitu dute aztarnategia Punta Begoñan. (EHU)
«Ezustean» aurkitu dute aztarnategia Punta Begoñan. (EHU)

Punta Begoñan egindako kanpaina arkeologikoak «ezusteko aurkikuntza bat» ekarri du, historiaurreko aztarnategi baten arrastoak azaldu baitira. «Horrelako ezaugarriak dituen aurkikuntza baten aurrean zuhurtzia izan behar da, eta ikerketa lanak zorroztasunez egin behar dira. Bada, horrek laborategiko lan intentsua eskatu du, aurtengo ekainera arte iraungo duena, hain zuzen, indusketak berrabiarazten direnera arte», azaldu du Maria Peraita zaharberrikuntzan eta ondare kudeaketan espezializatutako arkitektoak.

Maria Peraita Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko (OEIT) eta Kultur Paisaiak eta Ondarearen Unesco Katedrako kidea da, biak ala biak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) erakundeak, Getxoko Udalak eta EHUk jakinarazi dutenez.

Aurkitutako aztarnekin orain arte egindako ikerketen artean, karbono-14 eta termolumineszentzia analisiek Neolitoaren azken etaparen eta Kalkolitoko hasieraren artean kokatu dute aztarnategia, hau da, duela 5.000 urte. Une horretan hasi ziren orokortzen aire zabaleko giza kokaguneak, eta gaur egungoa bezalako gizarte egitura konplexuago baterako lehenengo urratsak ematen hasi ziren.

Aurkikuntza ezustea izan da Punta Begoñako ikerketaren zati horretan diharduen EHUko ikerlari taldearentzat, gure lurraldean ez baitago apenas mota horretako lekukotzarik, are gutxiago kostaldean. Aire zabaleko giza kokagune horien nolakotasunak asko zailtzen du horiek kontserbatzea eta ikusi ahal izatea; are gehiago Bizkaiko kostaldea bezalako gune batean, non eraikin ugari dauden, eta Getxoko hirigunean bertan.

Horrez gain, hondakinen hauskortasuna nabarmendu dute; izan ere, horiek modu egokian mantenduko direla bermatzeko beharrezkoa izan da aztarnategia estali eta babestea, harik eta eguraldiak berme osoz lan egitea ahalbidetzen duen arte.

Hala ere, Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko arkeologoek egindako zundatzeei esker, 2018an aurreratu ahal izan zen garai hartan leku horretan egon zitekeen jardueraren berri eman dezaketen ebidentziak daudela.

«Berreskuratutako arrastoak ez dira bereziki ikusgarriak; izan ere, silex eta zeramika zati txikiak eta egur ikatz arrastoak dira, historiako garai horretan ohikoak direnak. Hala ere, aztarnategiaren antzinatasuna berrestea ahalbidetuko dute, eta oso erabilgarriak izango dira gure historiari eta bizitzeko moduei buruzko datuak lortzeko», adierazi du Peraitak.

Aurkikuntza egin ahal izateko erabakigarria izan da Punta Begoñako Galeriak berreskuratu eta balioa agerrarazteko prozesuan izandako zorroztasuna. «Zorte handia izan dugula esan dezakegu; izan ere, galeriak berreskuratzeko ohiko prozesu bat jarraitu izan balitz, seguruenik aztarnategia suntsitu egingo litzateke», ondorioztatu du.

Indusketa kanpaina

Gure historian horren ezezaguna den garai horri buruzko datuak jasotzea izango da lehentasuna. Horretarako egingo den indusketa kanpainan balio didaktikoak nagusituko dira, eta herritarrei zabalik egongo da, indusketa prozesua eta horren emaitzak bertatik bertara ezagutzen joan ahal izateko.

Prozesu horren emaitzak behar bezala kontrastatzen diren heinean jakinaraziko dira, betiere ikerketa zientifiko batek eskatzen dituen urratsei jarraikiz. Hala, arreta berezia jarriko zaio gardentasunari eta gizartearen parte hartzeari.

Aztarnategia argitara irten izanak proiektua aberastu du, baina ahalegin osagarri bat egiteko beharra ere badakar, bateragarri egin ahal izateko obra bera eta edukien dibulgazioa eta aukera berriak.

Orain arte, praktika akademikoen kanpaina bat jarri da martxan indusketan, EHUko Historiako graduko unibertsitateko ikasleei zuzendutakoa. Horren bidez, euren prestakuntza osatu eta gaitasun berriak eskuratzeko erraztasunak eman nahi zaizkie, etorkizuneko profesional horien enplegagarritasuna bultzatzeko asmoz.

Praktiketarako izen-ematea hurrengo astetik aurrera egin ahal izango da, EHUk zehaztutako ohiko bideetatik.

Aldi berean, aurkikuntza herritarrei zabaltzeko hainbat jarduera egiten ari dira; esate baterako, berariazko bisitak, familiei zuzendutako jarduerak, eskoletako tailerrak eta etorkizuneko ibilbide eta erakusketak, gaiaren inguruko erakunde entzutetsuekin batera (Bilboko Arkeologi Museoa, adibidez).